Datorren urteko ekainean ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren Jaia Bastidan

Ekainaren 7tik 12ra jai birtuala antolatzen ari direla jakinarazi dute antolatzaileek, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren urteroko hitzordua mantentzeko asmoz.

Datorren ekainaren 7an Bastidan ospatzekoa zen Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Hazitik gora! lelopean, baina Koronabirusaren osasun krisiak eragindako alarma egoeragatik, 2021eko ekainaren 6ra atzeratzea erabaki du antolakuntzak. “Aukera desberdinak aztertu ondoren eta datorren ikasturtearen hasieran izango ditugun erronka berriak kontuan izanik, erabaki zail hau hartu dugu aurreneko aldiz 29 urtetan”, adierazi dute ohar batean.

Hala ere, ekainaren 7tik 12ra jai birtuala antolatzen ari direla jakinarazi dute, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren urteroko hitzordua mantentzeko asmoz. “Ekainaren 7an agurrak eta sorpresak izango ditugu. Bestalde, ekainaren 8tik 12ra arratsaldero euskarazko jarduera bat eskainiko dugu internet bidez”. Hala, “itxialdian ikasle asko sufritzen ari diren euskararen galerari ekarpen xume bat” egin nahi izan diote euskarazko kalitatezko kultur-saioak astean zehar euren eskuetan jarriz. Era berean, “euskal kulturgileak sufritzen ari diren galerari gure aportazio xumea ere egin nahi izan diogu”, adierazi dute.

Datorren ikasturtean ekingo diote berriro ere Bastida eta Arabako Errioxako ikastetxe publikoen lana aitortzea helburu duen Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren edizio honi. “Egoera baimentzen duen heinean, ikasturtean zehar egingo ditugu jarduerak”.

Zabaldu: