Imanol Bengoetxea artistaren artelanak etxeko sototik Iruñeko Ziudadelara

Barasoaingo artistaren 200 artelan baino gehiago jarri dituzte ikusgai Ziudadelako Mistoen pabiloian; tartean pinturak, marrazkiak, eskulturak eta bestelako objektuak.

Imanol Bengoetxea, artista izeneko erakusketa Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean paratu dute, uztailaren 19ra arte. Erakusketa monografiko bat da, Barasoaingo sortzailearen heriotzatik 26 urte igaro ondoren argitara ekarria. Izan ere, egilea zendu zenetik, familiaren etxeko sotoan gordeta egon da bere obra osoa, itzalpean. Antolatzaileen arabera, “biziki sortzailea, berritzailea eta artega izaki, Bengoetxeak ez zuen prestakuntza arauturik jaso; ostera, bere baliabide propioez ikasi zuen, eta haren nortasun eta izaera indartsua ezaugarri espresionista eta sinboliko nabariak dituen obran utzi zuen islaturik”. Kolorea, keinua eta materia dira erabateko protagonistak bere artelan guztietan. Giza irudiaren bidez, hori baita haren leit motiv-a eta ekoizpenaren ardatza, artistaren barne-unibertsoa islatzen da.

Hala, Iruñeko erakusketa honetarako 210 artelan bildu dituzte, horien artean 134 margolan, 32 marrazki, 31 eskultura eta esku hartutako 37 objektu. Familiaren etxebizitzarako diseinatu eta eraiki zituen altzariak berriz, ez daude erakusketan.

Modu berezian muntatu dute erakusketa; izan ere, aretoen erdigunean zazpi egitura paratu dituzte. Hala, artistak aldebikotasunean pentsaturik sortu zituen hainbat obra hobeto ikusi ahal izango dira.

Etxeko sotoa bere gotorleku eta aterpe bihurtu zuen artistak, bernizatutako harrizko hormetan artelanak paratu zituen eta horri esker, kolore anitzeko atmosfera bat sortu zuen. Erakusketarako Ziudadelako Mistoen eraikineko lehen solairua aukeratu dute, Bengoetxeak lanak margotu eta biltzeko baliatzen zuen lekuarekin duen antzekotasunagatik.

Zabaldu: