Eneritz Artetxe, Kepa Errasti eta Galder Perezen antzezlanak Ganbila bilduman

Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.

Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako hiru liburu berri aurkeztu dituzte: Eneritz Artetxe eta Dxusturi Teatroaren Isiltasuna, Kepa Errasti eta Xake Produkzioak konpainiaren Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.

Hala, Eneritz Artetxeren bi antzezlan bildu dituzte aurreneko liburuan: antzeztu gabeko Isiltasuna, eta egileak berak Dxusturi bere konpainiarekin taularatutako Karramarroa. Susaren arabera, “elkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topatuko ditu irakurleak testu hauetan”. Isiltasuna ozen mintzo zaigu emakumeen ahotsez, barrenak ateratzen dizkio isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazitakoen ahotsean dagoena arakatzen du. Karramarroan espero ez genuen estetika eta umore gordin batez bete zuen oholtza, bufoiaren kodigoetatik hurbil betiere.

Mami Lebrun antzezlana bere aldetik, “azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren adibide bat da” Susarentzat. Kepa Errastik idatzia, idazlea bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Antzezlan honetan amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz hitz egiten du. Neurri handi batean, azken urteotako euskal antzerkigintzan errepikatzen den gertuko eta ez hain gertuko memoriaren gaia presente dago testuan.

Amaitzeko, Galder Perezen Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record obrak biltzen dituen liburua dugu: Hiru lanok egilearen kezkak islatzen dituen unibertsoa osatzen dute: homosexualitatea, zentsura, Mozal legea, kazetaritzako ustelkeria… umoretik sobera urrun ibili gabe. Eremu ttikiak, espazio itxiak gustukoak ditu Perezek. Argitalpen honetako hiru “geltokiak”, sauna bat, erietxe bateko gela bat, eta bulego bat dira. Eta espazio itxi horietan sartu ditu bere pertsonaiak. “Iduri du, hiru lanetan bere pertsonaietako bat bederen ez-lekuan legokeela. Ez-lekuan dago Jesus, ez-lekuan gidaria, eta ez-lekuan Karmele. Ez-lekuan… edo deseroso behinik behin”.

Zabaldu: