Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketa martxan

Parte hartu nahi dutenek irailaren 30era arte izango dute lanak aurkezteko aukera, hiru kategoriatan.

Luzaroan Iruñeko Egile Berrien Lehiaketa barruko modalitateetako bat izan da bertsopaperena. Aurrerantzean, berriz, bertso idatzien sorkuntzak lehiaketa propioa izango du. Hala, Nafarroako Bertsozale elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta, Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketa martxan da eta parte hartu nahi dutenek irailaren 30era arte izango dute lanak aurkezteko epea zabalik.

Bertsozalek aurreratu duenez, sariketa berriak berrikuntzak dakartza. Hiru modalitatetan aurkeztu ahal izango dira lanak: lehenengoan, 2007. urtean edo ondoren jaiotakoek aurkeztu ahal izango dituzte lanak (bi bertso gutxienez, eta lau gehienez). Bigarrena, 2003 eta 2006 urteen artean (biak barne) jaiotakoentzat izango da, eta 4 bertso gutxienez eta 8 gehienez aurkeztu ahal izanen dituzte parte hartzaileek. Amaitzeko, hirugarrena helduen kategoria da: 2002an edo lehenago jaiotakoek hartu ahal izango dute parte, gutxienez 12 bertso eta gehienez 20 aurkeztuta, eta horiek denek, nolabaiteko batasuna osatuta. Azken kategoria honetan, lan bakarra aurkeztu ahal izango du parte hartzaile bakoitzak; beste bietan, gehienez hiru. Aurkeztutako lan guztiek neurri eta doinu librea izango dute, eta jatorrizkoak zein argitaratu gabeak izan beharko dira. Ezinbestekoa izango da doinua zehaztea.

Kategoria bakoitzean sari ezberdinak irabazteko aukera egongo da. Lehenengoan, 50 eta 150 euro arteko kultur bonoak oparituko dira; bigarrenean, 150 eta 350 euro arteko diru-sariak; hirugarrenean, 500 eta 1.500 euro artekoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, gainera, helduen kategorian lehen saria eskuratzen duen obran oinarrituta, ikuskizun edo emanaldi bat ekoizteko eskubidea izango dute, interesekoa suertatzen bada.

Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketan parte hartzeko oinarriak hemen.

Zabaldu: