Ele zahar kutsuko historia bat harilkatu du, XVI. mendeko Euskal Herrian gertatutako intzestu baten inguruan. Kontu zahar hori, baina, oraingo garaietara ekarri du idazleak, fikziozko toki eta pertsonen izenekin.
Minotauro (Alberdania) bere hamargarren eleberria du Txomin Peillenek (Paris, 1932), eta oraingo honetan, literaturara gutxitan iristen diren bi gai jorratu ditu: pedofilia eta intzestua. Ele zahar kutsuko historia bat harilkatu du, XVI. mendeko Euskal Herrian gertatutako intzestu baten inguruan. Kontu zahar hori, baina, oraingo garaietara ekarri du idazleak, fikziozko toki eta pertsonen izenekin. Irakurleak, horrenbestez, nerabezaroren atarian dagoen neskatila baten bortxaketaren berri izango du, eta ezagutuko du neskatilak, bizipen lazgarri horren ondoren, bere nortasuna berreraikitzeko egin beharko duen bide zaila.
Laura Mintegi idazleak eleberriaren hitzaurrean azaldu duenez, kritika sozial bikoitza adierazten du Peillenen eleberri honek, “argi adierazten du, emakumeek (eta are gutxiago neskek) ez dutela inolako babes instituzionalik (…) Babesgabetasuna erabatekoa da nobela garatzen den lurraldean (Hego Amerika), baina edozein lurraldetan mintza daiteke babes ezaz. Ez dago alde handirik iparralde, hegoalde, mendebalde edo ekialdean”.
Ezinbestez entzungo dugu Haur besoetakoa (1970) eleberriaren nolabaiteko oihartzunik, Mintegik berak hitzaurrean aipatu duenez, “batez ere nobela haren egilea, Jon Mirande, eta Txomin Peillen adiskideak zirela jakinda”.
Eleberri morala eraiki du egileak, eta erasoaren ondoren bere burua berreraiki eta bere burua munduan kokatu beharko duen emakumearen ikuspegitik dihardu, gizonezko batentzat erosoak izaten ez diren lehengaiak erabiliz historia hau josterakoan.
Era berean, protagonistaren bi emakumeren adiskidetasunak betetzen duen lehentasunezko eginkizuna azaltzen digu egileak historian zehar, irakurleari sororitatearen oihartzunez ehundutako harremanak erakutsiz.
Peillenek berak adierazi duenez, eleberriaren abiapuntua xumea da, oso ezaguna: “Emakume sortzea zoritxar bat da herri askotan, munduko herri gehienetan. Besteak beste, aipatu behar da minutuero dagoela munduan emakume bat bortxatua dena. Liburuaren abiapuntuan dagoena zera da: aita batek 11 urteko neska bat bortxatu duela, sei urtez bere ohekide, bere puta bihurtuz. Baina nik batez ere orrialde hauetara ekarri nahi nuena da zer gertatuko zaion neska horri, nola garatuko den pertsona bezala, nola kokatuko den munduan, nola, adibidez, onartuko dituen gizonak…”.
Euskal kulturaren erreferente historiko bizia dugu Txomin Peillen, biologo, linguista eta idazlea da, eta obra zabal bat eman du argitara euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, bai narrazioaren alorrean, bai olerkigintza eta saiakerarenetan, bai haur eta gazte literaturarenean ere. Euskaltzain urgazlea da 1998az geroztik, eta PEN Euskal Klubeko ohorezko presidentea 2004az geroztik. Jon Miranderekin batera, Igela (Euskaldun heterodoxoen errebista) literatura aldizkari satirikoa sortu zuen 1962an.