Zunbeltz Bedialauneta alkatea, Irina Alkorta Berdintasun zinegotzia eta Aritza Aristondo Kultur zinegotzia. (argazkia: Ondarroako Udala)

Udarako ‘Kultur Uheri’ ekimena antolatu dute Ondarroan

Ikuskizunak askotarikoak izateaz gain, balore zehatzak lantzeko tresna gisa ere aurkeztu dituzte: berdintasuna, euskara, aniztasuna, topiko sexistak haustea, estereotipoak… horiez gain umorearentzako tartea ere egongo da. Sarrerak uztailaren 24tik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan.

Kultur Uheri ekimena antolatu du Ondarroako Udalak uda sasoirako. Hala, uztailaren 31tik abuztuaren 30era bitartean herriak askotariko kultur ekimenez gozatzeko aukera izango du. Ostiral, larunbat eta igande guztietan adin guztientzako ikuskizunak egongo dira, Covid-19aren egungo egoerak behartutako arau eta gomendio guztiak betez. Ekimen guztiak, familientzako ginkana izan ezik, herriko frontoian egingo dira. Sarrerak uztailaren 24tik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan.

Aritza Aristondo Kultura zinegotziak adierazi duenez, Andra Mari jaiak bertan behera geratu ziren momentuan hartu zen kultura ekimen bat antolatzeko erabakia: “Kultur Uheri antolatzeko bi arrazoi geneuzkan mahai gainean: alde batetik herritarrek kultura kontsumitzeko nahia eta jaietan ezin egin ahal izatea, eta bestetik, kultura arloko profesionalek Koronabirusak eragindako larrialdi egoeran jasan behar izan duten egoera txarra”. Oinarri bi horiek eta arau jakin batzuk betetzeko beharrak egongo direla kontuan hartuta sortu zen ekimena, hamabost ekitaldi edo ikuskizunez osatutako egitaraua: “ostiral eta larunbatetako ikuskizunak gazte eta helduei zuzenduta egongo dira, eta igandekoak umeei”. Ikuskizunak askotarikoak izateaz gain, balore zehatzak lantzeko tresna gisa ere aurkeztu dituzte eta udalak urte osoan egiten dituen lanketa desberdinei ikusgarritasuna ematea ere kontuan hartu da: “berdintasuna, euskara, aniztasuna, topiko sexistak haustea, estereotipoak… horiez gain umorearentzako tartea ere egongo da”. Berdintasun zinegotzi Irina Alkortak azpimarratu du balore hauen lanketa udaletik urte guztian egiten den zeregina dela, eta ikuskizunek gai horiek jorratzea lanketa horrekin jarraitzeko beste urrats bat direla.

Eskualdeko artistak

Kultur Uherik Euskal Herri osotik etorritako kulturgileak batu nahi izan ditu, hango eta hemengo eskaintza plaza berean batu eta euskal sortzaileen lanak ezagutzera emateko asmoz. Hala ere, “garrantzi berezia eman nahi izan diogu herriko zein eskualdeko sorkuntzari, eta uste dugu Lea-Artibai eta Mutrikuko kulturgintzaren ordezkaritza ederra batzea lortu dugula: Biren (Ane eta Nora Agirre), Patxi Saiz, Herri eta Bixi, Iñaki Maruri, Garoa Arizmendi eta Iñigo Larrinaga, Dantzarte, Garazi Etxaburu, Nerea Ibarzabal…”, azaldu dute. Aurten ere ez dituzte gonbidatu gabe utzi nahi izan “urtero jaietan gurekin egoten diren Mutrikuko Musika Banda eta Mutriku Soka-Tira Taldea herri kirol ikuskizunarekin”.

Ikuskizun guztietarako sarrerak uztailaren 24tik, ostirala, aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan,  10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Pertsona bakoitzak ikuskizun bakoitzerako lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Ikuskizunetarako sarreren prezioak bi eurokoak izango dira; euro bat umeen ikuskizunetan. Frontoiko harmailen edukieraren %60a bete ahalko da Kultur Uheri ekimenean, egun dauden osasun arau eta gomendioei jarraituz. Ikuskizunaren arabera, salgai egongo diren sarrera kopurua ere aldatu egingo da, aulki gehiago jartzeko aukera egon daitekelako zenbait ikuskizunetan: aulkirik ez dagoenean 300 sarrera egongo dira salgai eta aulkiak daudenean 340 sarrera; Lur eta Amets fimaren proiekzioak edukiko du sarrera kopururik handiena, 500.

Euria eginez gero ekitaldiak bertan behera utziko dira eta horren berri Ondarroako Udalaren ohiko komunikazio bideetatik emango da erabakia hartzearekin batera. Bertan behera geratzen diren ekitaldiak beste egun baterako programatuko dira, beti ere ikuskizuna eskaini behar dutenek ahal badute. Nahiago dutenek sarreren dirua bueltan jasotzeko aukera edukiko dute Turismo Bulegoan.

Egutaraua ikusteko hemen.

Zabaldu: