‘Poesia eta Pentsamendua’ jardunaldiak egingo dituzte irailaren 16an eta 17an, Donostian

Victoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan eta Txillida Lekun izango dira jardunaldiak.

Hamahirugarren Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak egingo dituzte aurten, irailaren 16an eta 17an. Victoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan egingo dute lehenengo jardunaldia, eta Txillida Lekun bigarrena. 2008an hasi ziren jardunaldi hauek egiten, Felipe Juaristiren, Juan Ramon Makusoren, Pello Otxotekoren eta Aritz Gorrotxategiren eskutik eta orain arte asko izan dira parte hartu duten poetak.

Hala, 19:30ean hasiko da hilaren 16ko emanaldia, Iñigo Astiz, Lizar Begoña, Elena Olave, Jesus Rodriguez eta Julieta Valero poetek emango dute errezitaldi musikatua, Jon Makuso biolin jotzailearekin batera. Sarrera librea izango da aforoa bete arte. Gonbidapenak Victoria Eugeniako leihatilan eskatu eta jaso beharko dira errezitalaren egunean bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Osasun krisia dela eta segurtasun eta garbitasun neurriak bereziki zainduko dira eta aretoaren edukiera murriztua 70 lagunentzako izango da.

Txillida Lekuko emanaldia 18:30ean hasiko da, Fernando Golvanoren hitzaldiarekin. Ondoren, Eli Tolaretxipi eta Luis Garderen errezitala izango da. Musikari dagokionez, Haritan taldea (Iratxe Paredes biolontxelo jotzailea eta Jon Makuso biolin jotzailea) arituko da eta J. S. Bach eta W.F. Bachen obrak joko ditu. Sarrerak Txillida Lekuren webgunean egongo dira salgai. 10 € eta deskontuak DK bazkideentzat eta Txillida Lekuko abonatuentzat. Osasun-krisia dela eta, indarrean dauden segurtasun eta higiene neurriak aplikatuko dira, eta Zabalaga baserriaren barruan 50 eserlekura mugatu da kopurua.

Zabaldu: