Bizkaiko erakusketa ibiltaria Japoniako shakkei lorategien inguruko hiru artistaren lanekin abiatuko da Getxoko Kultur Etxean.
Bosteko erakusketa ibiltariaren 23. edizioa martxan da. Artearen berri ematea du helburu ekimenak eta horretarako herriz herri ibiliko da datozen hilabeteetan. Hala, lehen geldiunea Getxon izango da eta bertan, Javier Landerasen (Bilbo, 1965) argazkiak, Laura San Juanen (Donostia, 1963) margolanak eta Mikel Lertxundiren (Berriatua, 1951) eskulturak ikusi ahal izango dira.
Lorea Bilbao Kultura diputatuak adierazi duenez, “erakusketa ibiltaria izanik, artearen eta gizartearen arteko konexioa indartuko da. Zentzu horretan, Bizkaiko bost udalerritan izango den erakusketa ibiltaria plataforma interesgarria bihurtuko dela uste dugu, gure sortzaileen lanak eta herritarrak harremanetan jarriko dituelako”.
Landeras, San Juan eta Lertxundiren lanak Begirada dibergenteak: Shakkei ukitu bat izenburupean bildu dituzte. Erakusketan, sortzaile horietako bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta, edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat sortuko da; kontzeptu horren arabera, lorategi txikiak proiektatzen dira, baina lorategiaren espazio hutsera mugatzen diren funtzioak integratzeko aukera gaindituz elementu mugakideak ere atzematen dituztenak, hala nola tenpluak eta inguruan izaten duten naturaren ezaugarriak.
Erakusketarako aukeratutako obrei dagokienez, Landerasek japoniar lorategien hainbat argazki erakutsiko ditu, Shironi Hana (2008) eta Kyoto Rikyu (2008-2012) serieak esaterako. San Juanen kasuan, naturarekin lotutako proposamenak burutu ditu; gutxieneko egituren gainean eta pintzelkada txikiz egiten du lan fabrika-jarduketarekin eta sumi-e pinturarekin lotutako teknikekin, eta horri esker aukera du bere proposamenei zen estetikaren eta pentsamenduaren intentzionalitate aseptikoa emateko.
Azkenik, Lertxundiren piezak erakutsiko dira erakusketan, ekialdeko kulturekiko urrunagoko begiradarekin baina, era berean, estetika horretara hurbiltzea lortzen dutenak, harrian, egurrean eta burdinan oinarrituta baldintza formalaren eta erakutsitako materialen antolamenduaren bidez, eta horrek japoniar lorategietan erabiltzen diren material eraikitzaile eta osagarrietako batzuen inguruko simulazio-jokoa errazten du.
Shakkei kontzeptuak ondoren lorategi bat diseinatzeko espazio zehatz baten mugaketa aipatzen du. Proiektu hau ere era horretan aurkeztuko da; izan ere, sormen-lanen multzoa Bosteko erakusketa antolatzen duten bost zentroen espazio fisikora mugatzen da, eta piezak espazio jakin baten arabera egin dira, ikusmenaren eta gogoetaren arteko erlazioan funtziona dezaten eta, aldi berean, ikuslea lorategi japoniar baten simulazioa laztantzen edo iragartzen duen espazio batera eraman ahal izan dadin.
Erakusketa Getxoko Romo Kultur Etxean egongo da ikusgai hilaren 28ra arte; Basauriko Arizko dorretxean irailaren 30etik urriaren 24ra; Zornotzako Zelaieta erakusketa aretoan urriaren 26tik azaroaren 14ra; Kultur Leioako erakusketa aretoan azaroaren 17tik abenduaren 6ra, eta Arrigorriagako erakusketa aretoan abenduaren 10etik 30era.