Gorbeialdeako Landa Inguruneko Arteen jaiak hainbat diziplina artistiko ikusleei hurbiltzen jarraitu nahi du aurten ere.
Hilaren 17tik 20ra bitartean, Ondategi-Gopegi ospakizun artistiko eta parte-hartze eszenikoen eremu bihurtuko da Festikale jaialdiari esker. Gorbeialdeako Landa Inguruneko Arteen jaiak hainbat diziplina artistiko ikusleei hurbiltzen jarraitu nahi du aurten ere, “objektu-antzerki, txotxongilo, musika, dantza eta ikusmen-artearen arteko mugak lausotuz”, adierazi du antolakuntzak. Sorkuntza horiek Gopegi eta Ondategiko hainbat gunetan banatuko dira. Egitarauaren zatirik handiena Bengolarra parkeko txoko natural txikietan eta antzokian gauzatuko da. “Ikastolako gimnasioa eta pilotalekua espazio alternatibo gisa erabiliko dira, bai eta Ondategiko Sarragoako landa ere”.
Festikale 2014an Euskal Herriko Kale Antzerki Erakusketa gisa sortu zenetik, sorkuntza mota berri, ikusleekiko erlazio mota berri, formatu berri eta artista eta ikusleekiko elkargune berrien topagune izan nahi izan du. Hala, oraingoan ere “ikusleak eta sorkuntzak esparru natural, sano eta atseginean bilduko dira”, azaldu dute antolatzaileek.
“Antzerki programazioak gogoeta eragiten duten gai sakonak jorratuko ditu eta ikusleak benetako bizipenetara eramango ditu. Kaleko jai-, animazio-, musika- eta kolore-eremua izango da”.
Zazpigarren edizioa Sarragoan izango den topaketa artistikoarekin abiatuko da. Bertan, Panta Rhei konpainiak Festikale 2020rako propio sortutako emanaldia aurkeztuko du. 50 lagunentzako bi emanaldi egingo dira. Zuzeneko musika, ahotsa eta mugimendua izango dira Gorbeiaren Taupadak izeneko ikuskizun honen
oinarriak. “Ikuslea abentura emozional eta intelektual honetan inplikatzea, espazio ez-konbentzionaletan antzerkiaz gozatzeko aukera ematea, eta zirrararen eta interpelazioaren bilaketan laguntzea du helburu”.
Edizio honek gogotik eutsiko dio ikusleen eta artisten segurtasunari, ezarritako neurri eta protokolo sanitarioak martxan jarriz. Gune guztiek edukiera mugatua izango dute. “Azken batean, aurtengo edizioak, ezarritako muga eta murrizketa guztiekin, proposamen koherente eta erakargarriak eta zeharkako edukiak dituen programa planteatu nahi du eta herritarren arteko eztabaidetan presente dauden gai etikoekin konektatu nahi du, modu horretan komunitatearen garapenari etorkizuneko ikuspegia emateko”.
Egitarau ikusteko, hemen.