Txus Melendez margolariaren artelanekin osatutako ‘Estropezuka’ erakusketa paratu dute Bilbon

Artistaren dozena bat koadro eta hiru marrazki biltzen ditu erakusketak. Lanik zaharrenak 1989. urtekoak dira eta berrienak aurtengoak. Artelan hauek azaroaren 6ra arte egongo dira ikusgai Bilboko Aire galerian.

Ostiralean, irailaren 18, Txus Melendez margolariaren obrekin osatutako Estropezuka izeneko erakusketa inauguratuko da Bilboko Aire galerian. Artistaren dozena bat koadro eta hiru marrazki bilduko ditu erakusketa honek. Lanik zaharrenak 1989. urtekoak dira eta berrienak aurtengoak.

Melendezen esanetan, “erakusketa, alde batetik Fito Ramirez-Escudero arduradunaren gonbitea da. Eta baita ere, inoiz norbaitek egin didan hurrengo galderaren erantzuna: eta zuk pintatzen al duzu? Horretarako, 1989. urtetik gaur egunera arte, biltegian ditudan erakutsi gabeko hainbat lan aukeratu ditut eta urteetan zehar egindako ibilbidearen laburpena osatu nahi izan dut”. Margolariak azaldu duenez, orain arte ikusgai egon direnak eta bere izaeragatik proposatatutako ibilbidearekin bat ez datozenak kanpoan geratu dira. “Bidea, beharbada, koherentzia gabekoa da. Saltoka, aurrera egin baino, estropezuka ibili. Aurrera ala atzera jotzen dudan jakin gabe”.

Txus Melendez Bilbon jaio zen 1964. urtean eta gaur egun EHUko Arte Ederren fakultateko irakaslea da.

Margolariaren obrak Bilboko Aire galerian (San Mames zumarkalea, 11) azaroaren 6ra arte bisitatu ahal izango dira, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era doako sarrerarekin.

Zabaldu: