Erakusketak Pasaiako portuan lau mendetan zehar merkantzia zein bidaiarien garraioaz arduratu ziren arraunlari trebeak oroitu eta omentzeko helburu bikoitza dauka.
Nortzuk ziren emakume hauek? Zein zen euren lanbidea? Nola janzten ziren? Zer garrantzia zuten Pasaiako portuan? Galdera horiei guztiei erantzuteko, Errenteriako Jantziaren Zentroak erakusketa antolatu du. Bertan, bederatzi batelera jantzi ikus daitezke, guztiak koadroen, grabatuen eta argazkien erreprodukzioak dira. Bi XVIII. mendekoak, hiru XIX. mendekoak eta bat XX. mendekoa. Jantziekin batera, horiek egiteko erabilitako irudiak ere ikusgai daude erakusketan.
Batelera gehienak Errenteria eta Pasaiako emakumeak ziren, eta badiaren alde batetik bestera, edo itsasontzitik portura bidaiariak eta merkantziak eramaten zituzten. Gizonezkoak hilabete luzeetarako itsasoratzen ziren garaietan, emakumeentzat ogibide bilakatu zen lau mendeetan zehar.
Bateleren aipamen zaharrena 1615. urtekoa da, Lope de Vega idazleak “lorez eta adarrez apaindutako txalupa-arraunlariak” gisa deskribatu zituenean. Jantziaren Zentroak hamar idazleren testuak bildu ditu erakusketa honetarako; horien artean, Pierre de Lancrerena. Inkisidoreak horrela deskribatzen zituen 1622an: “deabruarekin hitzarmena dute itsasaldiak aldatzeko eta ekaitzak altxatzeko”. Wellingtongo dukeak 1813an, bere aldetik, “euren txalupak kaskarregiak dira armamentua garraiatzeko”, esaten zuen. Jantzien deskribapenaz haratago, D, Aulnoy kondesak bateleren izaeraren berri eman zuen, 1679an batelera batek bere sukaldariari burua arraun batekin ireki ziola kontatzen du, batelera ukitzen saiatu zelako.
Literatur erreferentzietatik haratago, batelerak benetako emakumeak ziren, eta hori frogatzeko Jantziaren Zentroak 1615etik 1860ra Errenteriako eta Pasaiako artxibo historikoetako dokumentazioan aipatzen diren bateleren izen abizenak jaso ditu.
Erakusketak Pasaiako portuan lau mendetan zehar merkantzia zein bidaiarien garraioaz arduratu ziren arraunlari trebeak oroitu eta omentzeko helburu bikoitza dauka.
Bestalde, aipatzekoa da Luis Paretek 1876. urtean margotutako Pasaiako badiako margolana. Jantziaren Zentroak irudia handitu eta ikusgai jarri du. Artelan erraldoi horretan Pasaiako badia, Pasai San Pedro eta Pasai Donibane eta oraindik ere zutik diren eraikinak ikus daitezke.
Erakusketaren ordutegia
Erakusketa doan bisita daiteke urriaren 25era arte, larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara eta igande eta jai egunetan 12.00etatik 14.00etara.