Mila Salterain Idazleak ‘Sasiola’ izeneko eleberri historikoa kaleratu du

Eleberriaren ardatza XVII. mendean, Durangaldean lan egiten zuen diru faltsutzaile talde bat da.

Mila Salterain idazleak Alberdania argitaletxeko Jorge Gimenez Bech editorearekin batera, Sasiola izeneko eleberria aurkeztu du Donostian. Durangarra da Salterain, eta inguru horietan XVII. mendean gertatu zirenak dira, hain zuzen, Sasiola eleberri historikoan kontatzen dituenak. Gimenezek adierazi duenez, “talaia ugaritatik hurbil gintezke nobela historikora. Gertaera historikoak dekoratu gisa, ia atrezzo moduan baliatu genitzake, guk kontatu nahi dugun peripezia ez historikoa kokatzeko eta koloreztatzeko. Baliatu genezake, bestela, gertaera historiko jakin bat, bere pertsonaiak eta guzti akaso, gertatu ez zena gertatu izan balitz bezala aurkezteko… Salterainek aukeratu duena desberdina da, eta ez batere ohikoa: ez dago eleberri honetan oinarri edo sostengu dokumental egiaztatua ez duen funtsezko gertaerarik”.

Ildo horretatik, idazleak berak honako hau esan zuen bere aurreko liburu bat aurkeztu zuenean: “pertsonaia historikoen asmoak eta arrazoiak nobelatzea da egin dudana”, eta editoreak, hari horri tiraka azaldu duenez, “Salterainek eleberri honetarako aukeratu dituen gertaeretan aukera zabala dago pertsonaien asmoez eta arrazoiez jarduteko eta gogoeta egiteko. Errepara diezaiogun, bestela, azpitituluari: Diru faltsua XVII. mendeko Durangaldean: iruzurra ala koroaren aurkako matxinada?”.

Salterainek dokumentazio lan handia egin du, nagusiki Bizkaiko Artxibategi Historikoan, eta liburuaren azken aldean, eranskin gisa, xehe-xehe azaltzen du, batetik, nobelako pertsonaien nondik norako historiko kontrastatua; bestetik, banan-banan zerrendatzen ditu nobelako gertaerek garaiko epaitegietan izan zuten ibilbidea (auzia Gaztelako errege-ganbararaino iritsi zen). Horretaz gain, hainbat alorretan kontatutako gertakarien ondorioak azaltzen ditu, eta baita pertsonaia nagusien zuhaitz genealogikoa ere. Beraz, kronikatik hurbil dagoen fikzio historikoa egitea izan da Sasiola idazterakoan gidatu duen asmo nagusia. “Pentsa zer zen XVII. mendean, Manuela Mena, eleberriaren protagonista nagusia, hemeretzi urteko neskatila bat, epai bat dela medio deserriratua eta isun bat ordaintzera derrigortua izatea… Berehala etorri zitzaidan burura galdera: gaizkile hutsa ala injustizia baten biktima ote zen? Hortik abiatu nintzen, eta, besteak beste, zuhaitz genealogikoa ere osatu nuen, baina, erantzunak topatu ordez, galderak gero eta ugariago agertzen zitzaizkidan…”, azaldu du idazleak.

Bestalde, eleberriaren ingurumari historikoa konplexua da, bihurria: XVII. mendean, Gaztelako koroa etengabeko gudan zebilen hainbat erresuma eta herrialderekin. Alde batetik, bereganatutako lurraldeak koroapean mantentzeak gastu handiak eragiten zizkion. Bestalde, Ameriketan bereganatutako lurraldeak eta lur haiek ematen zuten aberastasuna profitatzeko zor handiak egin zituzten gaztelauek: ehun eta berrogeita hamar urteren bueltan, lau aldiz egin zuen porrot Gaztelako Errege Ogasunak.

Porrot egoera horretan, diruaren balioak etengabe egiten zuen beherantz, eta herritar xumeek pairatzen zituzten kalte handienak. “Gauzak horrela, nola izan ote zen posible ia berrogeita hamar lagunek osaturiko diru faltsutzaile talde bat eratzea eta hamabi urtez lanean mantentzea? Horrelako talde bat ez da, gero, kontu makala Durangalde baterako, are gutxiago garai haietan. Hamabi urtean ekin zioten dirua faltsutzeari, non eta Arrazolan! Urrezko, zilarrezko eta kobrezko txanponak egiten zituzten, eta hainbat erretoreren abalak izan zituzten… bazegoen hor aztertu eta ulertu beharreko zerbait!”, dio egileak.

Azken gogoeta gisa, idazleak nolabaiteko eskaintza egin nahi izan du, “Mendez mende gizadiaren historia herritar xumeok egin dugu eta egingo dute, izen propiorik gabeko protagonistez dago osatuta munduko historia: eurenak ez ziren gerretara joatera derrigortutako soldaduez, handikiak mantentzeko zergak ordaintzera behartutakoez, arrotzen legeak betetzera derrigortutako gizonezko eta andrazkoez, garai oparoetako aberastasuna ez gozatu arren, premia orduetan euren partea jartzera
behartuez. Beraz, nobela hau jende xumearen jokalekua da, zor zaigu-eta”.

Zabaldu: