(argazkia: Esti eta Mikel Markez)

Esti eta Mikel Markez kantariek ‘Azal berritzen’ izeneko diskoa aurkeztuko dute ostiralean

Guztira hamar kantu berri jaso dituzte lan berrian, Estik sortutako bost kantu eta Mikelek sortutako beste bost.

Esti eta Mikel Markez kantariek Azal berritzen izeneko diskoa grabatu eta kaleratu dute. Bertan hamar kantu bildu dituzte, Estik sortutako bost kantu berri eta Mikelek sortutako beste bost. Alegia, diskoaren sorkuntza prozesua erdibana burutu dute, baina bi artistek batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu dute kantari eta musika jotzaile gisa.

Abestien hitzei dagokienez, Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Alaia Martin, Jon Maia eta Joseba Sarrionandia poeta eta bertsolariak dira testu gehienen egileak, Mikel eta Esti, berriz, doinuak sortzeaz arduratu dira.

Aita-alabek Arkaitz Miner eta Julen Alonsorekin batera landu dute musika lehenik, eta konponketak laukote gisa burutu dituzte. Hala, biolina, biola, mandolina, akordeoia, trikitixa, pianoa, tinplea eta gitarrak entzungo ditugu kantuetan.

Kolaboratzaileak ere izan dituzte Estik eta Mikelek: Ane Bastida baxuarekin, Iker Lauroba bateriarekin, Olaia Inziarte eta Eneritz Aulestiak beren ahotsekin ere parte hartu dute aita-alaben lan berri honetan. Toti Martinez de Lezea idazleak ere bere poema bat errezitatzen entzungo dugu, gonbidatu berezi moduan.

Grabaketak Mikel Markezek Orion, eta Axular Arizmendik Mutrikuko AME Estudioan egin dituzte. Nahasketa eta masterizazioa berriz, Victor Sanchezek Donostiako Elkar Estudioan burutu ditu.

Zabaldu: