Kaixomaitia atariak Kontaketa Erotikoen Lehiaketa abiatu du

Abenduaren 21era arte jasoko dira lanak eta 2021eko otsailean jakitera emango dituzte irabazleen izenak.

Aurten lehen aldiz, Kontaketa Erotikoen Lehiaketa antolatu dute kaixomaitia.eus atariko kideek, Elkar argitaletxearen babesean. Azaroaren 16tik abenduaren 21 bitartean jasoko dira lanak eta datorren urteko otsailean jakitera emango dituzte irabazleek izenak. Antolatzaileek iragarri dutenez, “sari ekonomiko garrantzitsuak” jasoko dituzte irabazleek.

Hala, lehiaketan parte hartzeko, lanak inprimaki bidez bidali beharko dira, helburu horretarako Kaixomaitia.eus atarian egokitutako web orrialdera. Parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen beste lan aurkezteko aukera izango du eta kontaketen luzera 6.000 eta 20.000 karaktere artekoa izan beharko da. Idazlanak euskaraz idatziak eta beste inon argitaratu gabeak izan beharko dira.

Epaimahaiari dagokionez, Dorleta Kortazar ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal idazle eta editoreak eta Iñigo Arandia Kaixomaitia atariko kudeatzaileak osatuko dute. Hiru epaimahaikide hauek zortzi finalista aukeratuko dituzte jasotako lan guztien artean. Ondoren, aukeratutako lanak atariko harpidedunen artean baloratuko dira. Bukatzeko, balorazio hauei epaimahaikideen azken balorazio bat gehituko zaie, eta orduan zehaztuko dira hiru saridun nagusiak.

Kaixomaitia.eus 2007an sortu zen euskaldunon harremanetarako webgune gisa, eta gaur egun mota honetako euskarazko bakarra izaten jarraitzen du.

2015. urtean atariaz gain, bloga jarri zen martxan eta bere xedeen artean, besteak beste, euskarazko edukiak sortzea eta zabaltzea daude; esaterako, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin dituzten orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak. Kaixomaitia.eus atariko kideak euskararen normalizazioaren bidean euskarazko edukiak sortzea eta sarean ere zabaltzea ezinbestekoak direla sinetsita baitaude.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu: