Abenduaren 4an eskainiko du diskoaren aurkezpen kontzertua Durangoko Azokan.
Iratxe Aguilera dago Kai Nakai proiektu artistikoaren atzean. Gasteiztarrak iaz irabazi zuen Durangoko Azokako sormen beka, eta gaur, Baimenik gabe izeneko diskoa aurkeztu du. Lan berri honek euskarazko reggaetona du oinarrian, izan ere, bere ustez, gazteek musika estilo mota hau gustuko dute, eta hala, Euskal Herrian hutsune bat dagoela erakutsi nahi izan du. Bestalde, estilo honek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahian, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten kantak sortu ditu abeslariak, matxista ez den reggaetona egin daitekeela erakutsiz.
Gainera, gasteiztarrak emakumeek ere reggaetona egin dezaketela erakutsi nahi izan du, izan ere, musika estilo hau gizonezkoek egin izan dutela dio, eta letra batzuk matxistak direla uste du. “Emakumeak ere gai gara reggaetona egiteko, eta mezu feministak zabaldu nahi ditugu”, nabarmendu du.
Baimenik Gabe bederatzi abestiz osatuta dago, eta denek dituzte dantzarako zein aldarrirako doinu eta mezuak. Horretaz gain, intimoagoak direnak ere jasotzen dira lan berrian. Jon Maiarekin ondu ditu abeslariak diskoko kantuetako letra gehienak eta Dupla, Xsakara, STR- eta Mikel Urdangarin musikarien kolaborazioak ere izan ditu.
Gasteizko gazteak musika estilo hau mugitzen ari dela eta gero eta talde gehiago daudela ikusarazi nahi izan du, honekin batera, bere musika belaunaldi guztien gozamenerako dela ere erakutsi nahi du. Diskoari hasiera ematen dion abestia, Denboraren Ateak, esaterako, gaur egun desagertuta dagoen Arabako Euskalkian dago idatzita eta XVIII. mendeko Juan Bautista Gamizen koplak biltzen ditu.
Kai Nakairen diskoa abenduaren 4an egongo da eskuragarri. Egun berean, Durangoko Azokan izango du bere lehenengo kontzertua 19:30ean, Plateruenan. Bertan, Maria Roca eta Ane Perez dantzariekin eta Anbrok DJ-arekin osatutako talde berria ezagutzera emango du. Sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira, azaroaren 26tik aurrera, www.durangokoazoka.eus webgunean.