Bilboko Arte Ederren Museoak Ibon Aranberriren ‘Zulo beltzen geometria’ obra eskuratu du Ibon Aranberri

Aranberrik iaz sortu zuen pieza hau.

Bilboko Arte Ederren Museoak Ibon Aranberriren (Itziar,1969) Zulo beltzen geometria izeneko obra paratu du hall-ean.

Altzairuzko moduluek osatzen duten pieza honek, erakunde eskudunen eskakizunak konpondu ondoren, duela ia bi hamarkada, Historiaurreko leize-zulo batean artistak egindako esku-hartzea du abiapuntu.

Proiektuak Aranberriren ibilbidea markatu, eta kritikaren onarpena jaso zuenak zuloa izena hartu zuen, hain zuzen, leize-zulo horri karta arkeologikoetan esleitutako kode zientifikoari dagokion izena. Land art mugimendutik hurbil dagoen lana izan zen: leize-lorako sarbidea egitura modular lau eta opaku batekin itxi zuen, prozesu luze baten ondorioz, zeinean, aldi baterako hirigunetik urrunduz, Aranberrik hurbileko geografiako Historiaurreko leize-zuloak aztertu zituen. Itxitura horren siluetak haitzuloaren ahoaren morfologia zehatza erreproduzitzen zuen, eta haren azalean zuloak eta hutsuneak irekitzen ziren, bertan bizi ziren edo babeslekua zuten espezieek sartu-irtenak egiteko.

Itxitura horren ondorioz, pertsonek ez zuten leize-zuloaren espaziora sartzerik izan —ezta, beraz, haren esanahi sinbolikora ere—, beheko aldeko sistema baten bidez izan ezik, sistema hori ex profeso artikulatu baitzen, behar zenerako. Osagai metaliko guztiek gainazaleko tratamendua jaso zuten orduan, korrosioa saihesteko eta bisualki mimetizatzen zuen islen kontrako efektu opakoa sortzeko.

Horrenbestez, Aranberriren lanak espero zitekeenaren kontrakoa egin zuen, konnotazio handiko leku bat monumentalizatzea baitzen espero zitekeena, eta, horren ordez, leizea espazio itxi, irisgaitz eta ezkutu bilakatu zuen.

Esanahiz betetako leku horretan esku hartzean, ez zuen paisaia zaindu nahi; aitzitik, “birkodetu” egin nahi zuen. Artistak berak orduan azaltzen zuenez, ekintza artistiko hori “tokiko kulturaren irudimenezko arketipoekin lotzen da, non tradizio erromantikoak jarraitzen baitu Historiaurrea jatorrizko mito handi gisa irudikatzen. Identitate kolektiboaren definizioak oinarri sendoa hartu du lurraldearen ideian, zeinean paisaiak agertoki sinbolikoa eratzen duen”.

Ia bi hamarkada geroago, Aranberrik proposatu zuen eraikina desmuntatzea eta leize-zuloaren sarrera bere egoera naturalera lehengoratzea, “askapen” moduko baten gisa. Ustekabean egin zuen, eta zikloa bukatutzat eman zuen, egiaztatu ondoren, alde batetik, egungo informazioaren gizartean ia ezinezkoa dela “espazio fisiko jakin baten irisgarritasun ezari eustea”, eta, bestetik, bere piezak espazio fisikoan eragindako aldaketak sortutako auzi antropologikoak eta sozialak aldatu egin direla 2003tik gaurdaino, eta kultura-begirada mediatizatu batera iritsi direla.

Zabaldu: