Ibilaldia Sopelara Itzuliko da 31 urteren ostean

Sopelako Ander Deuna ikastolak eta Leioako Betiko ikastolak jasoko dute datorren urtean Ibilaldia antolatzeko lekukoa.

“Batek baino gehiagok pentsa dezake oraingoa ez dela garairik aproposena Ibilaldia bezalako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko, azken hilabete hauetan bizitzen ari garen pandemiak guztiz baldintza dezakeelako proiektu horiek bideratzea eta gauzatzea, hor ditugu aurten bertan behera geratu diren hamaika ekimen, baina, aitzitik, orain inoiz baino beharrezkoago dugu Ibilaldiak bere-bereak dituen balore horiek azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea. Berrogeitik gorako Ibilaldia antolatu ondoren ikastolen jaiak ez du gaurkotasunik galdu, oraingoz ere sortu zeneko arrazoiek bizirik dirautelako, hain zuzen ere”.

1990ean Sopelan ospatu zen Ibilaldia. 1997an eta 2004an Leioan, azken hau, oraingoan legez, Sopelako Ander Deuna Ikastola eta Leioako Betiko Ikastolaren eskutik. 2021ean, berriro ere, Sopelan izango da. “Aukera paregabea Ibilaldia berarekin dakarren eskaintza kulturalaz gozatzeko, elkartasuna adierazteko, elkar eraginaz baliatzeko, elkarte eta herritarren arteko harremanak estutzeko, hezkuntza komunitatea trinkotzeko…”, diote Ikastolen Elkarteko kideek. Hala, “2021eko maiatzaren 30ean, 2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emanez, Sopela udalerrian egingo dugun Ibilaldian elkartuko gara”.

Ibilaldia ospatzearekin batera antolatzaileek landu nahiko lituzketen helburuen artean daude: ikastola eredua indartu, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeekiko harremanetan sakondu, bi ikastoletako eraikinen berritze eta egokitze lanekin jarraitu eta jaiotze tasan ematen ari den beherakadari aurre egin; proiektu pedagogikoa ezagutarazi.

Logoa eta leloari dagokienez, sortzeko bi lan saio egin izan dira urte hasieran. Horietan saioetan, gurasoak, ikasleak, langileak… parte hartu zuten eta guztira 100 bat lagun izan ziren ideiak partekatzen eta proposamenak egiten. Ondoren, proposamen guztiak – irudiak, hitzak, esaldiak… – hartu eta apurka-apurka lan taldetxo bat hasi zen lanean, “Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz konfinamenduan izan ginen arte eta, ondorioz, gaia behar baino gehiago luzatu bada ere maiatza aldera erabakia hartu da”.

Lelotzat kalakalata! aukeratu da. Hitz horrekin hezur mamiraino heltzen den bustitzea adierazi nahi da, barru barruraino hartzen duena, batzuetan deseroso ere sentiarazten gaituena. Baina, halaber, konpromisoa adierazi nahi da. “Konpromiso sakona, oso osorik hartzen gaituena. Konpromisoa Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, konpromisoa elkarrekin aritzeko helburu komunak lortu nahian, konpromisoa euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan, konpromisoa hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko …”

Logoa, berriz, guztiz blai jauzi egiten dabilen giza irudi bat aukeratu da. “Pozez jauzi egiten duena beharbada, ur sakonetan murgildu nahi duena akaso… baina edonola ere ekimena eta bizitasuna adierazi nahi duen irudia”.

Zabaldu: