Sara Zozaya abeslari donostiarrak ere parte hartuko du zirkuituan

Beste Bat! zirkuituaren bidez 250 musika, antzerki eta dantza emanaldi eskainiko dira

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan “kultura sustatzeko, agertokietara itzultzeko, erritmoa berreskuratzeko, sormena bultzatzeko eta zuzeneko arteekiko ilusioa partekatzeko”, jarri dute abian zuzeneko arteen zirkuitu hau.

Euskal Herriko Musika Bulego elkarteak eta EAEko Antzoki Sareak Beste bat! zuzeneko arteen zirkuitua ekimena jarri dute abian, “kultura sustatzeko, agertokietara itzultzeko, erritmoa berreskuratzeko, sormena bultzatzeko eta zuzeneko arteekiko ilusioa partekatzeko”.

Hala, 2020ko azaroan eta abenduan eta 2021eko urtarrilean eta otsailean, hainbat arte-diziplinatako 250 emanaldi baino gehiago eskainiko dira zirkuituan. Gehienak musika-kontzertuak izango dira (% 80), baina antzezlanak, dantza-ikuskizunak eta zirku-emanaldiak era badira egitarauan. Bizkaiko, Arabako eta, batez ere, Gipuzkoako areto eta antzokietan eskainiko dituzte.

Musika-emanaldietan artista ospetsuak ikusiko ditugu oholtza gainean, hala nola Izaro, Belako eta Ruper Ordorika, baita musikari hasiberriak ere, Hakima Flissi, Maren, Idoia Asurmendi, Verde Prato eta Sara Zozaya, esaterako. Antzerkiaren atalean, izen handiko konpainiak daude egitarauan, besteak beste, Tanttaka Teatroa, Markeliñe eta Pirritx Porrotx eta Mari Motots. Dantzari dagokionez, erreferente diren euskal konpainiak ere zirkuituko partaide dira: Dantzaz eta Kukai. Oliver Magoak eta The Funest Troup taldeak ere zirku-ikuskizunak eskainiko dituzte.

Askotariko diziplinak biltzeaz eta emanaldi ugari eskaintzeaz gain, zuzeneko arteen zirkuituak badu beste ezaugarri nabarmen bat euskal arte eszenikoen egungo panoraman: emanaldi guztiak zuzenekoak izango dira, artistak eta publikoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako areto eta agertokietan berriro elkartzea baita egitarauaren xedea.

Bestalde, aipagarria da emanaldien % 70 baino gehiago euskaraz izango dela.

Zirkuituari buruzko informazioa eta agenda eguneratua www.beste-bat.eus webgunean daude ikusgai. Ikuskizunetarako sarrerak Beste Bat! ekimenean parte hartzen duten aretoetan erosi beharko dira.

Zabaldu: