Itsas arrantzari eta gizarte-bizitzari lotutako lexikoa Euskararen Herri Hizkeren Atlasean

XI. liburukiak 232 mapa erakusten ditu, ondoko gaiak jorratu direla: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan aurkeztu da, gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (#EHHA) hamaikagarren liburukia, eta horrekin batera sortu den CDa. 232 mapaz osaturiko da eta ondoko gaiak jorratu dira: ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

“Hamaikagarren liburuki honekin, etapa bat amaitzen da, eta aukera berriak sortzen dira, askotarikoa baita 80. hamarkadan jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena”, argitu du Andres Urrutia euskaltzainburuak gaurko agerraldian. Urrutiak gogoratu du Atlasaren eduki guztiak (XI. liburukia barne) Akademiaren webgunean daudela gordeta, herritarrek nahierara kontsulta ditzaten (www.euskaltzaindia.eus/ehha).

Joan Martí ohorezko euskaltzainak era honetako ikerlanen garrantzia azpimarratu nahi izan du, “hamaikagarren eta azken hau une berezian dator gainera, Euskaltzaindiak eta Kataluniako Institut d’Estudis Catalans-ek atlas bana ondu dutelako. Euskararen Atlasa ontzea pausu garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko bide luze eta neketsuan, eta harro egon behar gara guztiok egindako lanarekin. Euskarari opari izugarria egin dio Euskaltzaindiak, baita gainerako hizkuntzei ere. Atlasa euskal hizkuntzaren oinarria baita, hizkuntza bera deskribatu eta bereizten duen lehen mailako ikerlana”.

Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendari akademikoak Atlasaren edukiari erreparatu dio, “Atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu. Huraxe izan zen Azkueren gogoa. Horixe Mitxelenarena. Eta horretan dihardu Euskaltzaindiak, mende bete igaro ondoren, bere eginbideari tinko heldurik, gure aitzinekoen gogo eta borondateari jarraiki”.

Sareko bertsioa eta soinuak

EHHAren liburuki guztiak PDF formatuan kontsultagai daude Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, hamaikagarrena gaur bertan jarri da publikoaren eskura. Horretaz gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke, V. zein VI. liburukiaren audioak ere eskegita daudelako Akademiaren webgunean bertan.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa-puntuen sarea, galde-sorta eta lan-metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.

Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren eta herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

Zabaldu: