(argazkia: Ainhoa Lores)

Gure Zirkuak 34 emanaldi eskainiko ditu Tolosan urtarrilaren 10era arte

Urtarrilaren 10ra arte egongo da Gure Zirkua Tolosako San Esteban auzoko aparkalekuan altxa duten karpan.

Orotara 34 emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak Tolosan, 2021eko urtarrilaren 10era arte. Hasiera batean, 22 emanaldi eskaintzea erabaki zuten, baina deialdiak izan duen “erantzun bikaina” kontutan hartuta, beste hamabi saio egitea erabaki dute.

Abenduaren 28an, 29an eta 30ean eskainiko dituzte aurreneko emanaldiak arratsaldeko 18:00etan. Urtarrilaren 2an, 3an, 9an eta 10ean 12:00etan eta 18:00etan eta urtarrilaren 8an arratsaldeko 19:00etan.

Gure Zirkuko kideek jakitera eman dutenez, emanaldi berrietarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko www.gurezirkua.eus webgunean eta zirkuko txarteldegian bertan. Lehen bi biretan 65.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkuak uztailean abiatu zuen hirugarren bira, aurten aurreikusitako ibilbide eta helburuak erabat moldatuta, osasun egoeraren ondorioz.

Lantaldeak  107 emanaldi eskaintzeko asmoa agertu du, 32.000 ikusle baino gehiago biltzeko aurreikuspenarekin, “segurtasun osoz, testuinguruak ahalbidetzen zuen normaltasunaren barruan, eta inolako arazorik gabe”, adierazi dute.

Gure Zirkuak “bereziki eta bihotzez” eskerrak eman nahi izan dizkie “ezohiko egoera honetan proiektuarengan konfiantza izan eta zirkuaz gozatzeko hautua egin duten herritar guztiei. Herri bat biziko bada, eta gertatzen ari den honetatik bizirik aterako bada, herri horrek ezinbestekoa izango baitu bere kultura babestea”, adierazi dute.

Zabaldu: