(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Etxepare Euskal Institutuak 10 urte bete ditu

Euskara, euskal kultura eta sorkuntza nazioartean zabaltzeko helburuarekin sortu zen Etxepare Euskal Institutua.

Etxepare Euskal Institutuak 2010eko urriaren 29an ireki zituen ateak, Euskal Herriko eta atzerriko eragileekin elkarlanean, euskara, euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko. Euskal institutuak beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak eraikitzea izan du xede hasieratik, elkarri balioa eman eta aukera berriak sortuko dituzten harremanak. “Nazioarteko kultur trukaketak eta kalitatezko jarduera artistikoak sustatuz; sortzaile, artista eta kultur eta sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatuz; euskal literaturaren itzulpengintza lagunduz; eta euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza bermatuz, asko dira urte hauetan zehar, eremu kultural zein akademikoan, egin dituen lagunak”, adierazi dute Etxepareko kideek.

Hamargarren urteurrena erakunde-ekitaldi batekin ospatu da Donostiako Tabakaleran. Institutuko lankideak eta egungo zuzendaritza organoetako ordezkariak elkartu dira bertan, euskal kultura, unibertsitateak eta erakunde publikoak ordezkatuz.

Ekitaldian Irene Larraza zuzendariak erakundearen ibilbidea ekarri du gogora, baina batez ere hamar urteotan euskara eta euskal kultura nazioartean zabaldu  duten horiei eman nahi izan die hitza. Hala, hamaika sortzaile, itzultzaile eta irakasleren kontakizunak izan dira entzungai, munduan bete dituzten hamaika aulkiren bidez irudikatuta eta Sra. Polaroiskak zuzendutako zuzeneko ekitaldi performatibo batez lagunduta

Gainera, hamaika testigantza horiekin, eta Kultura gureagoa da partekatzen dugunean lelopean, kanpaina bat burutuko du Euskal Institutuak hil honetan, euskara, euskal kultura eta sorkuntza partekatzearen eta ezagutaraztearen garrantzia azpimarratzeko asmoz. Datozen bi asteetan sare sozialetan eta zenbait hedabidetan ikusi ahal izango da kanpaina hori eta www.etxepare.eus/10urte webgunean lagun horien bizipenak eta kontakizunak entzun daitezke.

Era berean, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzaren aurrean (Tabakalerako 3. solairuan) munduko hainbat tokitan euskara, euskal kultura eta sorkuntzaz gozatzeko aukera eskaini duten hamaika aulki horiek (antzoki, zinema, erakustareto, jaialdi, edota unibertsitateetakoak) instalazio batean ikusgai izango dira. Eserleku horietako bakoitzaren QR kodearen bitartez, kanpainako hamaika protagonisten bizipen, hausnarketak entzuteko aukera ere egongo da.

Zabaldu: