EuskarAbenturak 2021eko espediziorako izena emateko epea zabaldu du

Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazteek izango dute abenturan parte hartzeko aukera, alegia, 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoek. Martxoaren 12ra arte egongo da proiektuak aurkezteko epea zabalik.

EuskarAbentura elkarteak 2021eko espediziorako izena emateko epea zabaldu du. Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazteek izango dute abenturan parte hartzeko aukera, alegia, 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoek. Hautagaitza aurkezteko, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute, elkarteak proposatutako formatu eta gaien artean aukeratuz (euskarabentura.eus-en ikusgai). Horretarako martxoaren 12ra arteko epea izango dute. Jasotako lan guztiak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus fundazioarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta 120 lan onenen egileek espedizioan parte hartzeko aukera izango dute, inolako tasarik ordaindu gabe.

Proiektuaren lanketarekin gazteak gaurkotasuneko gaien inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditu elkarteak. Horiek horrela, aukeran izango dituzten gaiak honakoak izango dira: Baserritik Sardexkara, gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruko hausnarketa bideratzeko; Klik eta post, gure gizartean irudiari ematen zaion garrantziaren inguruan gogoeta egiteko eta Adina, jakintzaren iturri, “edadeko pertsonen esperientzia haintzakotzat hartzea inoiz baino garrantzitsua delako” azaldu dute antolatzaileek.

2020ko edizioa
Osasun krisiak eraginda, sektore bereko beste askok bezalaxe, EuskarAbentura elkarteko kideek espedizioa bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan zuten, parte-hartzeko izena eman zuten 316 gazteen penarako. Neska-mutil hauek egindako lana eta hasieratik erakutsitako “jarrera aktiboa” baloratu nahian, 2020ko ediziorako jasotako hautagaitza guztiak kontuan hartuko dira 2021eko espediziorako hautaketa prozesuan, 2003an jaiotako gazteenak barne. Edonola ere, gazte hauek aukera izango dute aurkeztu zuten lanaren notari uko egin eta proiektu berri bat aurkezteko. Espediziorik gabe ere, EuskarAbenturak asmatu izan du 2020ko uda berezian gazteen egunerokotasuna alaitzen EuskarAbentura 2.0 edizio berezia izeneko alternatibaren bitartez.

“Instagrametik erronka desberdinak proposatu genituen eta 60 gazte baino gehiago animatu ziren parte hartzera”, azaldu du Ane Pedruzo elkarteko kideak.
Hurrengo udara begira, EuskarAbenturak normaltasunetik gertuago dagoen esperientzia bat bizitzeko aukera eskaini nahi dio euskal gazteriari. Hala ere, Pedruzok adierazi duenez, “ezin dugu %100ean ziurtatu ohiko ibilbidea jarraituko duen 120 gaztez osatutako hilabete osoko espedizioa antolatu ahal izango dugunik”. Izan ere, 2021eko espedizioa unean-uneko osasun egoeraren eta indarrean dauden arauen arabera antolatuko da. Uda hurbildu ahala egitasmoari buruzko informazio eguneratua argitaratuko da. “Momentuz alternatiba ezberdinak aurreikusi ditugu: espedizioaren mugikortasuna murriztea, gazte kopurua edota jardueraren iraupena murriztea, adibidez, jende gutxiagoko ekintza laburragoak eginez… Gure azken helburua espedizioa egitea izango da; hori ezinezkoa balitz, haren esentzia mantenduko duen esperientzia ahaztezin bat burutzen saiatuko gara”, gaineratu du Pedruzok.

Zabaldu: