(argazkia: Topaldia)

Hizkuntza aniztasuna ardatz 2021eko Topaldian

Pandemia garai honetan goizeko egitaraua prestatu dute: aurrez-aurre eta streaming bidez etxean jarraitzeko aukera izango da aurten.

Urtero bezala, Euskaltzaleen Topaguneak Topaldia jardunaldia antolatu du 2021eko urtarrilaren 28rako, Bilboko Bizkaia Aretoan. 19. edizio honetan hizkuntza aniztasunaren gaia izango dute hizpide eta euskarak kohesiorako eta berdintasun sozialerako duen balioa landuko dute.

“Euskarak harrera linguistikoan zein toki behar luke? Nola kudeatu bertako hizkuntza minorizatua, erdara hegemonikoak eta hizkuntza aniztasuna? Zein ikuspegirekin?”, galderei erantzuten saiatuko dira aurtengo jardunaldian, “sona handiko adituak, ikerketa espezifikoak, herrietako esperientzia praktikoak eta protagonisten bizipenak jasoz”, azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, “gurea bezalako testuinguru batean harrera eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egoki bat estrategikoa da euskararen normalizaziorako, baita kohesio eta berdintasun sozialari begira ere”, adierazi dute.

Euskaltzaleen Topaguneak jakitera eman duenez, “herri askotan aniztasuna zeharkakoa dute euskara elkarte nahikok, baina honen beharraz eta gaur egun ditugun erronkez arituko gara”. Bestalde, instituzioek eta herriko eragileek gai honen bueltan elkarlanean eragiteko aukeraz gogoetatzeko balioko du jardunaldiak.

Horretarako, hizkuntza gutxituek eta euskarak harrera prozesuetan duten garrantzia aztertuz, herri ezberdinek eredugarri dituzten proiektu eta praktika onak partekatuz, eta migrazioak herri euskaldunetan izandako esperientzien bilduma ezagutuz gauzatuko dute.

Pandemia garai honetan goizeko egitaraua prestatu dute: aurrez-aurre eta streaming bidez jarraitzeko aukera izango da aurten.

Ikerketak, praktika onak eta bizipenak uztartuz 

Hasiera ekitaldiaren ondotik, Carme Junyetek hizkuntza gutxituen inguruko sarrera egingo du eta katalanaren etorkizunaz jardungo, katalanez. Mari Zapatak, berriz, gako nagusiak emango ditu, gutxiagotutako hizkuntzen testuinguruan harrera eredu integral bat osatzeko.

Atsedenaldiaren ostean, Errenteriako Udaleko eta Arrasateko Ekin Emakumeak Euskara Elkartearen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, Aizpea Otaegi eta Jasone Giraldoren ahotik, hurrenez hurren. Jarraian, Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu antropologoek Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerketaren ondorioak aurkeztuko dituzte. Ostean, Tarana Karimek euskararekin orain arte egin duen ibilbidea azalduko du. Topaldiari amaiera eman aurretik, Ariane Usarbarrenak etorkizuneko erronkei heldu eta haiei begira jarriko du publikoa.

Zabaldu: