Nafarroako Artxiboak musika, dantza eta antzerkiarekin lotutako 18 funts dokumental berri argitaratu ditu

Fernando Remacha, Javier Navarro, Iruñako Taldea eta Pablo Sarasate Kontserbatorioko lanak dira aipagarrienak.

Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programaren baitan hamazortzi funts dokumental berri argitaratu ditu sarean. Adierazgarriak diren artista zein instituzioen dokumentuak dira, horietako gehienak dohaintzan jaso dira eta nabarmentzekoak dira Iruñako Taldea eta Pablo Sarasate Kontserbatorioko lanak, besteak beste.

Dokumentazioaren barnean, partiturak, planoak, argazkiak, korrespondentzia, diskoak, soinu-grabazioak eta ikus-entzunezkoak jaso dira formatu ezberdinetan. Euskarri digitalak nagusi dira tradizionalen aurrean, bereziki sormen berrienetan; hori dela-eta, Artxiboak babes digitalerako estrategia egin du, denboran zehar irautea eta behar bezala hedatzea bermatzeko.

Azken urte eta erdian sartutako funtsak herritarren eta ikertzaileen eskura daude programaren webgune espezifikoan (www.amaen.es). Epe ertainera, dokumentu garrantzitsuenak Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuak bultzaturiko Artxibo Irekia online tresnan sartuko dira, eta hortik zabalduko dira Nafarroa Kultura Atari Digitalaren bidez.

Horrez gain, dokumentazio guzti horren jatorria kontsulta daiteke ondorengo loturan. Programan, egun, 60 funts dokumental daude.

Musika, dantza eta antzerki arloko funtsak

Musika-arloko pertsona ospetsuen inguruan dohaintzan jasotako funts dokumentalen artean, aipatzekoa da Fernando Remacharen ondarearen beste zati bat, Margarita alabak kontserbatua, edota Javier Navarroren funtsa. Horiei gehitu behar zaie, gainera, Francisco Rodrigoren funtsa, musika-sormeneko prozesu betean aurkitzen den autorearena.

“Funts berezien multzo horri duela gutxi Iruñeako Taldeak ekoiztutakoa gehitu zaio; taldea Vicent Egeak, Teresa Catalanek, Jaime Berradek, Patxi Larrañagak eta Koldo Pastorrek osatzen dute. Era berean, familia-funtsa gehitu behar zaio, Lopez-Txapartegirena, diskoen bilduma interesgarriak osatua”, azaldu dute Artxiboko arduradunek.

Halaber, Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eta Kontserbatorio Profesionalaren funtsa sartu da, Hezkuntza Departamentuak egindako transferentzia bidez jasoa. “Funts horrek berebiziko garrantzia du, eta berezitasun bat du; alegia, aurretik egondako erakundeen dokumentu-funtsak biltzen dituela, honako hauen legatuekin batera: Pedro de Felipe, Martin Lipuzkoa, Alfredo Lumbreras, Maribel Iturralde, Manuel Sainz de los Terreros, Jose Maria Beobide eta Felipe Aramendia, edota Eslava Kasinoaren funtsa”, gaineratu dute.

Errege Artxibo Orokorretik, eskasagoak badira ere, honako hauen legatuen garrantzia nabarmentzen dute: “dantza eta antzerki arloa. Dantzan, Ana Morenoren eta Bertha Bermudezen funtsek Amaen programan jada daudenak osatzen dituzte (Nafarroako Dantza Eskola, Jose Lainez – Concha Martinez eta Almudena Lobon). Antzerkian, berriz, Jesus Elsoren eta Javier Salvoren dohaintzak nabarmendu behar dira”.

Sartu berriak diren funtsek Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programa finkatzen laguntzen dute. 2017ko ekainean abian jarri zenetik, programa honek Nafarroako Artxibo Orokorrean musikaren, dantzaren eta antzerkiaren arloan kontserbatutako funts dokumentalen batuketa azpimarratzen du. Funts horiek artxibo-tratamendua jasotzen dute, ondoren zabaltze aldera.

Zabaldu: