Lurraldeko liburutegi-mediateketako langileei zuzendutako euskal kulturaren inguruko sentsibilizazio mintegiak antolatu dituzte

Urtarrilaren 21 eta 28an, irakurketa publikoaren profesionalek joan berri den urteko euskarazko berritasunen hautaketa baten deskubritzeko parada ukanen dute. Honela, literatura, disko eta ikus-entzunezko produkzioari buruzko ezagutzak hobetzeko aukera eskainiko zaie.

2010az geroztik Bilketa proiektuarekin bat eginik, Baionako Mediatekaren eta Biblio64-ren partaidetzarekin, Euskal Kultur Erakundeak euskararen eta euskal kulturaren inguruko sentsibilizazio egunak antolatzen ditu irakurketa publikoaren profesionalen sarearentzat. Horrela, 2021. urte hasiera honetarako, euskarazko berritasunak nabarmenduko dira bi web mintegiren bidez:

Urtarrilaren 21ean izango da lehena, goizeko 10:00etatik 12:00etara, sarean: Helduen saileko euskarazko berritasunen aurkezpena, Elkar liburu-dendako Peio d’Uhalt-en eskutik.

Urtarrilaren 28an, berriz, ordu berean eta sarean baita ere bigarrena izango da: Haur eta gazte saileko euskarazko berritasunen aurkezpena, Libreplume elkarteko Ana Imaz eta IKAS-eko Elise Dilet-en eskutik.

Irakurketa publikoaren profesionalak jarraitzeko programaren barnean antolatzen diren topaketa guztietan bezala, bi web mintegiak euskaraz iraganen dira, bat-bateko itzulpenarekin.

Izen ematea zabalik da

Izen ematea online edo Bibio64-eko Stephanie Medranori deituz (05 59 02 97 37) egin ahal izango da.

Irakurketa publikoaren profesionalen jarraitzeko programa

Zabaldu: