Ekimenak gazteen plazaratzean eragitea eta beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzea ditu helburu. Izena emateko epea urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik. Parte hartzaileen adin tartea 1996-2002 urte artean jaiotakoena izango da.
Bertsozale Elkarteak Bizkaiko bertsolari gazteentzako Plazara! ekimena abiatu du. Gazteentzako bertso-zirkuitu honek gazteen plazaratzean eragitea eta beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzea ditu helburu.
Hala, eskualdez eskualde ibiliko da zirkuitua eta hilabetero, gutxienez, saio bat egingo da. Hilabete bakoitzean eskualde baten ardura izango da saioa etxean hartu eta antolatzea. Hau da, parte hartzaileak izango dira antolatzaileak.
Proiektuan parte hartzeko izena eman beharko da eta horren arabera antolatuko dira saioak. Izen-ematea itxitakoan jakingo da zenbat bertsolari dauden prest ekimenean parte hartzeko eta, orduan, zozketa bidez sortuko dituzte saioak. “Beti bermatuko da eskualdeko bertsolari bat egotea kantuan”, azpimarratu du Bertsozalek.
Saioen formatuak denetarikoak izan daitezke, antolatzaileen eta herriaren neurrira eginak. Bariku iluntzeetan izango dira.
Izena emateko epea urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik. Parte hartzaileen adin tartea 1996-2002 urte artean jaiotakoena izango da.
Iaz sortu zen Plazara! ekimena baina bertan behera utzi behar izan zen itxialdiaren eraginez. Orain, ostera ere jarri dute martxan. Pandemia dela eta, momentuan momentuko arau guztiak beteta antolatuko da ekimena.