(argazkia: Gasteizko Udala)

Gazte Klik Klak lehiaketaren ‘Hiri orbainak’ erakusketa otsailaren 14ra arte ikusgai ARTgian

Ikusgai dauden lanen artean hiri-orbainak kontzeptuaren askotariko interpretazioak aurki daitezke, hori izan baita aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia.

Gasteizko Udalak 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketaren emaitza da Hiri orbainak erakusketa. Hamabigarren edizio honetan,  41 gaztek 54 lan aurkeztu dituzte guztira: 44 argazki bilduma eta 10 bideo.

Gasteizko ARTgia aretoan bisitatu ahal izango da erakusketa otsailaren 14ra arte, eta ikusgai dauden lanen artean hiri-orbainak kontzeptuaren askotariko interpretazioak aurki daitezke, hori izan baita aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia. Besteak beste, trenbideak, kalean egiten diren obrak, herritarrak, egitasmo bat zuten lekuen eta gaur egun direnen arteko kontrastea, faltan botatzen diren lekuak zein langileak dira erakusketaren protagonistak: “arrastoa uzten duten orbainak”.

Asier Corredera, Maitane Campos, Maria Fariñas eta Liam McDonnell irabazleen lanez gain, Elaia Chacartegi, Irati Boveda, Christopher Thomas Galvez, Liam McDonnell, Susana Garcia de Vicuña, Pablo Garcia eta Sara Rodriguez finalisten proposamenen hautaketa bat ikusi ahal izango da.

Sara Berasaluce argazkilariak eta Alazne Payueta artistak komisariatu dute 2020ko Gazte Klik Klak lehiaketaren edizioa, ARTgia Sorgune & Aretoaren izenean, et, halaber, 2021eko Tetrapack egitasmoaren komisario izango dira. Azken edizioetan egin duten moduan, GKK-en aurreko edizioetako irabazleen artean komisario elkartua izendatu da, eta edizio honetan Yone Estivariz argazkilaria izan da.

Zabaldu: