Besteak beste, onomastika aplikatuaren ezagutza zabaltzeko argitaratu da liburua.
Euskaltzaindiak Euskal onomastika aplikatua XXI. mendean liburua aurkeztu du Bilbon eta lau hizkuntzatan ondu den ikerketa lana dxa. Argitalpen berria Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin elkarlanean plazaratu du Akademiak eta datorren astean banatuko da hamar herrialdetan, baina jada Iberoamericana Vervuert argitaletxearen webgunean eskura daiteke.
“Liburu hau editatzera eraman gaituzten arrazoiak bi dira, nagusiki: Onomastika aplikatuaren ezagutza zabaltzen laguntzea eta Euskal Herriaz haragoko zenbait esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izatea, eta, era horretan, gogoeta partekatua bultzatzea”, adierazi du Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko buruak.
Liburuaren egiturari dagokionez, hiru atal nabarmendu daitezke: lehenbizikoan, Euskal Herriaz kanpoko bost esperientzia aurkezten dira; bigarren atalean bildutako lau kapituluek euskal onomastika dute erdigune, eta egungo egoeraz eta aurrera begirako egitekoez ere ari dira; azkenik, Euskaltzaindiak azken aldian onomastika aplikatuari egin dizkion zenbait ekarpen nabari aletzen dira. “Euskal onomastika da liburuaren ardatza eta azken atalean Euskaltzaindiak arlo honetan eginiko hiru ekarpen erakusten dira”, gaineratu du euskaltzain osoak. “Liburu erakargarri eta erabilgarri bat osatzea izan da gure nahia”, jardun du.
Onomastika aplikatua
Onomastika aplikatuak jakintza-arlo horretako ezagutza gizartearen beharrizan praktikoetara bideratzen du, eguneroko bizimoduan erabilgarria izateko. Esaterako, antroponimiaren (izen propioak aztertzen dituen onomastikaren adarra) jakintza pertsona izenetan aplikatzea, gurasoen eskura, jaioberrien izena hautatzeko; edo udal batek bere kaleen izenak finkatu nahi dituenerako toponimiaren irizpide linguistikoak baliatu ahal izatea. Gonzalez de Viñasprek labur-labur esan duenez, “euskal gizarteak onomastikaren arloan dituen behar praktikoei zuzen eta garaiz erantzuteko tresna” da onomastika aplikatua.