(argazkia: Gipuzkoako Aldundia)

Donostiako Euskal Itsas Museoak ‘Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat’ erakusketa aurkeztu du

Erakusketarekin batera bisita bereziak, tailerrak eta topaketak antolatu dituzte. Erakusketa ekainaren 13ra arte dohainik bisitatzeko aukera egongo da.

Euskal Itsas Museoak, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak ekoiztutako Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa aurkeztu du gaur, Donostian.

Leopoldina Rosa fragataren espedizioa Baionatik abiatu zen euskal migratzailez beteta, eta Uruguaiko kostaldean hondoratu zen 1842an. Bidaia horrek XIX. mendeko euskal migrazioa eta gaur egun indarrean dauden migrazio-prozesuak aztertzeko balio du. Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko artxibo eta dokumentazio arduraduna da erakusketaren komisarioa, eta bere helburua migrazio-prozesu konplexura hurbiltzeaz gain, jendea hausnarketara gonbidatzea da.

Eraikinaren beheko solairuan kokatu dute erakusketa, eta Espainiako eta Frantziako estatuekin eta Uruguaiko hainbat instituzioekin elkarlanean lortutako dokumentuez osatu dute ibilbidea. Hala, erakusketan zehar, migrazioaren esperientzia lehen pertsonan kontatzen da ikus-entzunezkoen bidez. “Publikoak  XIX. mendeko pertsonaien bizipenak lokuzioen bitartez entzungo ditu eta egungo esperientziekin alderatu ahal izango ditu ikus-entzunezkoei esker”. Harkaitz Millan kultura diputatuak adierazi duenez, “erakusketak izaera pedagogiko argia du, eta migrazio-prozesuetako protagonistekiko enpatia sustatu nahi du”.

Bestalde, Euskal Itsas Museoak Zumalakarregi Museoaren migrazioan proiektua osatu nahi izan du, eta, hala, migrazioak itsas munduko ikuspegitik aztertu ditu. Erakusketak hainbat herrialdetatik Gipuzkoako itsasaldeko herrietara migratu duten zenbait pertsonen testigantzak bildu ditu: marinelak, arrantzaleak, saregileak eta sukaldari bat. Xabier Alberdi Museoko zuzendari zientifikoaren arabera, “migrazioak itsasoarekin lotura oso estua duten gertakariak dira, eta orain dela urte bete pasatxotik hona, Museoa hainbat formatu ezberdinen bitartez garatzen ari den lan-ildoetako bat da. Leopoldina Rosa-ren erakusketak aukera paregabea eskaintzen digu lan-ildo horretan gehiago sakontzeko”.

Alberdik gaineratu duenez, “bisitarientzat interesgarri suertatuko diren pertsonaiak ezagutzeko aukera emango digu erakusketak. Honen helburua migrazioa prozesu konplexuarenganako hurbilketa gizatiarra lortzea da”.

Leo eta Dinarekin Odisea

Erakusketarekin lotuta, Museoak lehen aldiz haurrentzako propio sorturiko esperientzia ludiko bat sortu du: Leo eta Dinarekin Odisea. Abentura honetan, Leok eta Dinak Donostiara 2090. urtean bizitzeko desegokia eta idorra den hirira iritsiko diren haur, nerabe eta gazteak gidatuko dituzte. Egitasmoa migrazioen historia lantzeko bereziki gazteei zuzendutako formatu bat da; izan ere, migrazioak modu zuzenean eragiten die eta etorkizunean ere berdin gertatuko zaiela uste dugu”,  dio Alberdik.

Parte-hartzaile bakoitzak Odisea-n aurrera egiteko jarraibideak eta pausoak izango ditu, Museoko sarreran jasotako ontziratze-txartelean. Esperientzia hau, bakoitzak bere kabuz edota bitartekaritza zerbitzuak, data zehatzetan eta erreserbarekin, dinamizaturiko bisiten bitartez egiteko aukera izango da.

Programazio zabala

Donostiako Museoak ez du erakusketa itxi bat egin nahi izan, eta horretarako, hilero jarduera ugari biltzen dituen programazio bat diseinatu du: komisarioarekin topaketak, #Alberditarrekin saltsan! izeneko topaketak, bisita gidatuak erakusketara, Leo eta Dinarekin Odisea-ra bisita dinamizatuak, familientzako tailerrak, eta abar. Gainera, Amets Arzallus bertsolaria eta kazetariarekin ere topaketa egingo da, migrazioarekin zerikusia duten hainbat gairen inguruan gogoeta egiteko.

Zabaldu: