Ikastolak Txikipedia edukiz elikatzeko lanean hasi dira

Emakumezkoen biografiak, bereziki zientzialarienak, osatzea izango dute helburu nagusia.

Ikastolen Elkartearen eta Euskal Wikilarien Elkartearen arteko lankidetzari jarraipena emateko asmoz, Txikipedia elikatzeari ekin diote Euskal Herriko hamalau ikastolatan. Azaldu dutenez, Txikipedia edukiz hornitzea da helburua, eta xede nagusia, berriz, emakumezkoen biografiak, eta bereziki emakume zientzialarienak, euskaraz sortzea. Otsail eta martxoa bitartean sortuko dituzte, eta 250 sarrera berri egiteko erronkari heldu diote.

Elkarteen arabera, “hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute”, eta leku propio baten beharra dagoela uste dute. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. “Sarean oro har eta Wikipedia/Txikipedian zehazki, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da”, nabarmendu dute. Abiapuntu horretatik ekin diote ikastola horietako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.

Hala, proiektu parte hartzaile bat jorratu nahi izan dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Wikilarien Elkarteak. Erronka formatuan ezarri dute, ikasleen sentsibilizazioa eta proaktibotasuna sustatzeko asmoz. “Erronka kolektiboa da, eta Euskal Herriko hamalau ikastola ari dira parte hartzen”, azaldu dute.

Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez, helburu hauek lortu nahi dira: “Euskal komunitateko kide bezala euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea; sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea; gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea; konpetentzia digitala lantzea”.

Adierazi dutenez, “ez dira otsaila eta martxoa ausaz aukeratu erronka honi ekiteko. Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta otsailaren 11n, berriz, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna”. Bi data esanguratsu horietan sortu nahi dira emakumezkoen biografiak Txikipedian. Tokian tokiko emakumeei edo Euskal Herriko emakumeei ikusgarritasuna emanez. Alor ezberdinetako emakumeen biografiak egin ahal izango badira ere, zientzialarietan zentratzeko saiakera egingo dute. Halaber, pertsonetan oinarritu gabe, herriko txoko, eraikin edo bestelako gaien gaineko artikuluak sortzeko aukera ere eskaini dute.

Zabaldu: