Erakusketaren xedea da XVIII. mendean egin ziren lehenengo azterketetatik gaur egunera arteko euskal arkeologiaren historia azaltzea da, eta, horretarako, jatorrizko ehun pieza baino gehiago jarri dituzte ikusgai. Erakusketa azaroaren 7ra arte bisitatu ahal izango da.
Euskal arkeologian azken mendeetan egindako lana ezagutzera emateko erakusketa paratu dute Bilboko Arkeologi Museoan. Bildumak jatorrizko ehun pieza baino gehiago biltzen ditu aurkitu ziren dataren arabera antolatuta, “antolamendu horrek argi erakusten du zein den garai bakoitzean baloratu izan den ondarea”, azaldu dute Museoko kideek.
Hala, bertako materialen bitartez, Euskal Herri osoko arkeologiaren historia eta bilakaera erakusten dira, lehenengo erreferentziak eta azterketak egin zirenetik gaur egunera arteko ibilbidea azalduz. Erakusketa honetan, gainera, euskal arkeologiaren fase ezberdinak ikus daitezke: lanean hasi ziren garaia, diziplinari izaera zientifikoa eman zion Barandiaranen eskolaren aldia, eta gaur egungo egoera. Ibilbidea egiteko, erakusketan fase bakoitzean aurkitu diren material arkeologikoak erakusten dira. Hori guztia aurkikuntzak une bakoitzeko korronte eta joera historiografikoen esparruan kokatuz.
Erakusketa bost unitatetan banatuta dago eta arkeologiaren bilakaera azaltzen da, XX. mende hasieran diziplina zientifiko bihurtu aurreko mendeak ere barne hartuz. Ordutik aurrera aldatzen joan dira ezagutza metodoak eta teknikak eta arkeologoen hainbat belaunaldik iraganari buruz egindako galderak, bakoitza bizi izandako garaietan gizarteko zalantzak ezberdinak baitziren.
Unitate bakoitzean, fase bakoitzean berreskuratutako materialak daude erakusgai.
Lehenengo etapan, arkeologia bildumatzeko zaletasunaren antzeko jarduera zen, eta garai horretan balio handiko piezak berreskuratu eta baloratu zituzten, besteak beste, Elorrioko nekropolia.
1916 eta 1936 bitartean, euskal arkeologiak aitorpen zientifikoa lortu zuen, zientziaren historian lekua egin zuten adituen eskutik: Aranzadi, Eguren, Barandiaran… Hurrengo fasea ez zen horren oparoa izan, gerren eraginez, baina Araban eta Nafarroan aurkikuntza bikainak egin ahal izan ziren. 1953an Barandiaran erbestetik itzuli zenean, belaunaldi berri baten gidari bihurtu zen, tartean Altuna, Apellaniz, Mezquiriz eta abar zeudela. Azken fasea, erakusketako bosgarren unitatearekin bat datorrena, 1980tik gaur artekoa da.
Bisita gidatuak
Apirilaren 1etik aurrera bisita gidatuak eskainiko dira erakusketan eta irailean Arkeologi Koadernoak seriearen katalogoa argitaratuko da. Bertan jasoko dira pieza guztien fitxa teknikoak, eta, gainera, lau artikulu egongo dira, hauetan lau adituk euskal arkeologiaren historia azalduko dute, aurkikuntzak eta ezagutzaren aurrerapena sortu zituzten hipotesiak eta ikerketak nabarmenduz.