[BIDEOA] Goitiberak ‘Kasilda, bukatzen ez den sua’ antzezlana aurrestreinatuko du otsailaren 27an, Sopelan

“Kasilda emakume iraultzaileak Gerra Zibilean eta bere bizitza osoan zehar ideia libertarioen eta bizimodu natural baten alde borrokatu zuen. Antzezlan honetan bere bizipenetatik bidaiatuko dugu sentimendu hori jarraitzera bultzatu zuena bilatuz”.

Soledad Kasilda Hernandez Vargas emakume iraultzaile zizurkildarraren oroimen historikoa berreskuratzea du xede Sopelako Kurtzio Kultur Etxean otsailaren 27an aurrestreinatuko den antzezlanak. Saioa Iribarren antzerkigileak idatzi eta zuzendu du obra eta taula gainean Leire Orbe, Aiora Sedano eta Ander Basaldua aktoreak ikusiko ditugu. “Kasilda emakume iraultzaileak Gerra zibilean eta bere bizitza osoan zehar ideia libertarioen eta bizimodu natural baten alde borrokatu zuen. Antzezlan honetan bere bizipenetatik bidaiatuko dugu sentimendu hori jarraitzera bultzatu zuena bilatuz”.

Ikuskizunak emakumea du ardatz. “Alde batetik, ezagutzera eman nahi dugun pertsonaia historikoak emakume borroka eta borroka sozialetara dedikatu zuelako bizitza, eta bestetik, lantaldearen gehiengoa emakumeok osatzen dugulako”, azaldu dute Goitibera antzerki taldeko kideek.

“Gerra zibila orain dela oso gutxi gertatu zen eta jadanik ahazten hasiak gara. Gero eta gutxiago dira historiaren kapitulu latz hura bizi izan zutenak, eta datozen belaunaldiak horren testigantzarik gabe haziko dira. Guk daukagu, beraz, kontaketa horren erantzukizuna”, nabarmendu du lantaldeak.

Horretaz gain, euskarazko antzerkiak gizartean merezi duen lekua hartzea da Goitiberaren erronka. “Publikoaren fideltasunaren bila, euskarazko antzerki, sakon, poetiko, eder eta dibertigarria da gure apustua”, azpimarratu dute.

Lan honekin Amatxik Dixit Goitiberaren azkenengo obrarekin abiatutako bideari jarraipena eman nahi diote. Bai edukia zein formari dagokionean, baina kasu honetan formatu handiago batean. “Momentu gogorrak diren arren (Gerra zibila, errefuxiatuen esparruak…), aurreko lanen ildotik jarraituz, umoreak ere presentzia handia izango du antzezlanean”.

Zabaldu: