Iñigo Aritza Ikastolak igande honetan Nafarroa Oinez 2018 antolatzeko erronka hartu du esku artean. Erronka handia dela ikastola txiki batentzako diote: Iñigo Aritzak 370 ikasle baino ez ditu, eta Burundako lau herriei ematen die zerbitzua, Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordia. Nafarroa Oinezeko lekukoa eramaten duen laugarren aldia izango da ikastolarendako. Izan ere, 1981ean, Altsasukoa izan zen Nafarroan euskararen aldeko jaia antolatu zuen lehen ikastola.
Zirkuituak lau kilometro eta erdi izango ditu, aldapa gutxikoa dela aurreratu dute antolatzaileek. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek gainera, gurpildun aulkian egiteko moduko beste bide laburrago bat izango dute, baina gune guztietara iritsiko dena.
Ibilbidea lau gunetan banatuta egongo da: Bizi, Kanta, Txio eta Dantza eta denetarako egitarau oparoa prestatu dute: Musika taldeei dagokienez, Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Anita Parker, Demode Quartet, Amaren Alabak, Trikiteens edota Gauargi izango dira, besteak beste. Antolakuntzak bereziki nabarmendu nahi izan ditu katalaneraz eta galizieraz abestuko duten beste bi talde hauek: Xabi Sarria i el Cor de la Fera eta Ezetaerre.
Aurtengo Nafarroa Oinezen bestalde, kirolari garrantzia eman nahi izan zaio, eta horretarako egingo den Erronka nabarmendu dute. Ekimena gunez gune egiten den lehiaketa bat da, eta Nafarroako ikastola guztietako taldeek parte hartuko dute kirol eta trebezia ardatz duten probetan. Robotika tailerra da egitarauak jasotzen duen beste ekimenetako bat, entretenimendua eta formazioa batzen ditu jarduera honek eta bertan izena ematen duten haurrek robot bat programatzen ikasiko dute.
Proposamen inkusiboa
Ezbairik gabe aurtengo edizioaren erronka nagusia Nafarroa Oinez inklusibo bat egitea izan daela aipatu dute antolatzaileek eta aurrekoekin alderatuta berezia egiten duena. Urte osoan zehar egindako ekitaldi eta jarduera guztietan inklusibitatearen marka jartzen ahalegindu direla azpimarratu dute.
Egitarau osoa hemen.