Ziudadelako Bolborategian ikusgai dagoen erakusketa honetan, intuiziotik abiatutako artea egiteko modua defendatu nahi izan du, kolorea eta material desberdinekin egindako esperimentazioa aurkezpen gutuntzat hartuta.
Sagrario Azcona artista iruindarrak arte estilo oso pertsonala erakutsi nahi izan du Zirkulua ixten den unea erakusketaren bidez. Intuiziotik abiatuta sortzen du, senetik, oinarrizkotik, egiazkotik marraztuz. Hori agerian geratzen da bere obran, aurkezten dituen formen apaltasunean eta erabiltzen dituen apaingarrietan. Argia eta material desberdinak dira artistaren identitate-zeinuak. Hala, bere obran, pinturarekin batera, artilez, zetaz, paper japoniarrez, tindagai naturalez, beiraz edo ehun-gai ezberdinez egindako arte adierazpenak aurki ditzakegu. Bere sormen-prozesua etengabeko esperimentazioa da.
Kolorearen garrantzia eta hau bere obra guztietan egotea beti izan da artistaren ibilbide artistikoaren ezaugarrietako bat. Kolore zuria, esaterako, “garbiketa eta argi sakratu gisa” ikusten du. Gogoratu duenez, koloreekiko lilura txikitatik datorkio, zuria izan zen, hain zuzen ere, “bereganatu zuen lehenengoa”. Bere obran “kolore sendagarriak” erabiltzen ditu, puruak, hala nola, zuria, urdina eta berdea, urre kolorearekin nahasten dituena, argiaren sinbolo gisa. Kolorea du bere lanaren motorra, geruzaz geruza, marraz marra sortuz “sendatzeko, energia berreskuratzeko, emozioak, sentimenduak askatzeko, eta ulertzeko eta onartzeko gehien bat”, adierazi du Azconak.
Artea zainketa intentsiboetatik
Artistari kolorearekiko eta hainbat materialekin esperimentatzeko grina sortu zitzaion ospitalean zainketa intentsiboetako unitate batean lan egiten aritu zenean. Lanetik etxera heltzean, minutu batzuk ematen zituen lanaldian bizi izandako emozioak, sentimenduak eta esperientziak margotzen. Orain gogoratzen du nola laguntzen zion ariketa horrek “mina, sufrimendua eta heriotza askatzen”. Horrela ekin zion aurkikuntza eta esperimentazioko esperientzia pertsonalari; gero beste materialak gehitzen joan da, eta horietan sentitzen duena adierazteko modu eroso bat aurkitu du.
Zirkulua ixten den unea erakusketa asteartetik larunbatera bisita daiteke, goizez eta arratsaldez 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez 11:30etik 13:30era, martxoaren 14ra arte.