(argazkia: Durangoko Udala)

Plateruena antzokiaren esparruak eta ekimen nagusiak zehazteko prozesu parte hartzailea abiatuko du Durangoko Udalak

Plateruenaren proiektua berrabiarazteko prozesuan eragile anitzen nahiak eta espektatibak identifikatzen saiatuko dira.

Ia bi hilabete igaro dira Durangoko Plateruena antzokiak ateak itxi zituenetik, arrazoi ekonomikoak tarteko. Bertako Udalak bere gain hartu du orain, euskara eta euskal kulturari egindako ekarpenari jarraipen berritua emango dion proiektua diseinatzeko ardura.

Horretarako, antzokia berrabiarazteko prozesu parte hartzailea martxan jarriko du datozen egunetan. “Durangon kultur ehun garrantzitsua dugu: arlo askotako sortzaileak, arlo desberdinetan lanean ari diren kultur taldeak, Udalak kudeatzen dituen kultur baliabideak… guztien beharrak eta ekarpenak jaso nahi ditugu prozesu honen bidez”, adierazi dute. Kulturaren kontsumotik haratago, proiektu berriak kulturaz bizitzeko eta gozatzeko espazio izatea da Udalaren asmoa, sorkuntza eta transmisioa bermatuko duena eta adin desberdinetako kolektiboei erantzungo diena.

“Kultura jendartearen kohesio eta integraziorako tresna izanik, prozesu honek Durangoko gizarte anitzaren elkarbizitzarako baliagarria izango den espazio berritu bat irudikatzeko aukera emango digu. Herritarron, herri mugimendu eta erakunde publikoen babesa izango duen proiektua izango da. Durangon dauden kultur baliabideak integratzeko eta sinergiak sustatzeko aukerak emango dituena”.

Hala, prozesu parte hartzaile honen helburuak izango dira Plateruenak eskaini behar dituen kultur esparruak zehaztea eta antzokiak eskainiko dituen ekimen nagusia aurreikustea. Horretarako, tailer parte hartzaile batzuk egitea aurreikusi dute, “printzipioz bost tailer izango dira eta tailer horietan eragileek, kultur arloko sortzaileek eta Udaleko teknikariek hartuko dute parte.” Azaldu dutenez, tailer horien xedea izango da, “alde batetik, Durangoko kultur eragileen iritziak eta proposamenak jasotzea, bestetik, kultur eragile horien asmoak eta beharrak identifikatzea, eta, era berean, Plateruenari zer eskaini dezaketen azaltzea, hirugarrenez, Plateruenak bete ditzakeen funtzioak identifikatzea, laugarrenez, euskal kulturaren erreferente izaten jarraitzeko aholkuak, iritziak eta proposamenak jasotzea, eta, azkenik, elkarbizitza esparruak eta ekimenak identifikatzea, betiere, zerbait komuna sortzen ari garela kontuan hartuta”.

Tailer horien ostean, mintegi bat egingo da. Honetan, bost tailerretan parte hartu dutenek ere hartuko dute parte eta aspektu kualitatiboetan sakontzeko dinamika bat izango du. “Tailerretan jasotako ideia horiek antolatzea eta ixten saiatzea” izango da helburua”. Mintegian proiektuaren dimentsioaz hitz egingo dute, eta baita kudeatzeko ereduari buruz ere. “Azken finean, prozesu honen emaitza izan beharko litzateke Durangoko eragileen iritzia eta jarrera ezagutzea, eragileen jarrera argitzea eta egingo lituzketen ekarpenak ezagutzea. Horretaz gain, Plateruena bera biziberritzeko ideiak, antolaketak, kudeaketa eredua eta iraunkortasunari lotutakoak ere modu batera edo bestera zehaztea eta identifikatzea.

Dena ondo bidean, martxotik ekainera egingo dute prozesu osoa.

Zabaldu: