Begirada hurbila erakusketak aurretik ikusgai egon ez diren 71 argazki biltzen ditu. Museoko laborategian izango da ikusgai, martxoaren 12tik maiatzaren 16ra bitartean.
Bihartik hasi eta maiatzaren 16ra arte, Dominikar Errepublika, Tanzania, Etiopia, Mongolia eta Peru ikusteko aukera izango dugu Donostiako San Telmo Museoko Laborategi aretoan. Begirada hurbila erakusketa paratu dute bertan, Carmen Ballvek hainbat hamarkadatan egindako argazkiekin.
Ballve estudioko erretratuan eta argitalpen-enkarguetan aritu da neurri handi batean, baina Maria Millan komisarioaren erakusketa honek bere lan pertsonalaren aukeraketa bat aurkeztu nahi izan du, aurretik ikusgai egon ez diren zuri-beltzeko 71 irudirekin. Ballveren ibilbidean zehar egindako argazkiak dira denak.
Millanek azaldu duenez, “Ballveren errespetuzko begiradak hainbat pertsonaiengana hurbiltzen gaitu, hain zuzen ere, beren komunitateetan hartu ondoren, argazkilariari nor diren eta beren ingurunea nolakoa den harrotasunez erakusten dioten pertsonaiengana. Duintasunez eta edertasunez betetako erretratuak dira. Haur, gizon eta emakume horien begiradak beraiengana hurbiltzera gonbidatzen gaitu, haiekin bat egitera. Irudi bakoitza bizitza-kontakizun bat da, mugak zeharkatu eta elkarrengana batzen gaituzten esperientziak”.
Ballveri gai batean sartzen denean, gai horri denbora eskaintzea gustatzen zaio, “berriz itzultzea, komunitatea ezagutzea, inplikatzea…”, kontatu du Dominikar Errepublikako La Romana-ko Batey komunitateari buruz. Bere proiekturik pertsonalena da, eta ia 20 urte eman ditu horretan lanean.
Donostiako Giza Eskubideen 18 Zinemaldia erakusketaren laguntzaile izango da, eta haren jarduera paraleloen barruan sartuko du Begirada hurbila.