Irati Goikoetxeak jaso du bigarren saria Gizarte Egitura izeneko testuagatik.
Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzarekin antolatutako lehenengo Kontaketa Erotikoen lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egin du asteburu honetan, Donostian.
Iazko azaroan abiatu zuten lehiaketa eta denetara 83 idazlek hartu dute parte, horietatik zortzi finalista aukeratu ditu Dorleta Kortazar Ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal editore eta idazleak eta Iñigo Arandia kaixomaitiako arduradunak osatutako epaimahaiak.
Finalista hauez gain beste bi sari ere banatu dira, lehiaketaren oinarriak bete ez izan arren, egindako lanari aitortza emateko asmoarekin.
Hala, ekitaldiaren hasieran bi sari bereziak banatu dituzte: Ander Varelari Zortzigarren artea testuagatik eta Galder Guenagari Berotariko Euskal Hiztergia testuagatik. Jarraian 8. sailkatutik 4. sailkatura bitarteko idazleei eman zaizkie epaimahikideen eskutik, sariak.
Horrela sailkatu dira bost finalista hauek:
4- Hostoen Jolasa – Garazi Basterretxea
5- Barrak eta barroteak – Perlata Kolektiboa
6- Musika ulertezin batek – Maider Barañano
7- Gizon baten itzala – Maddi Loiti
8- Gatza – Hegoa Alvarez Zorroza
Zazpi idazle hauek sari bera jaso dute: Elkarren opari txartela, 100 euroko balioarekin eta Elkar Argitaletxearen liburu sorta bat.
Jarraian hiru finalisten txanda izan da:
3. saria, Joxemari Urteagak jaso du metro bateko tartea izeneko kontaketagatik, Kaixomaitiak emandako 250€ko saria, Elkar opari txarela (100€) eta liburu sorta jaso ditu. 2. saria Irati Goikoetxeak jaso du, Gizarte Egitura izeneko testuarengatik. Iratik kaixomaitiaren eskutik jaso du 500€ko saria, Elkar opari txartela (100€) eta liburu sorta.
Azkenik irabazlearen txanda izan da, aurtengoan Karlos Aretxabaleta Txapel suertatu da lehenengo Kontaketa Erotikoen lehiaketaren irabazle Adiorik ez lanagatik. Aretxabaletak kaixomaitiak emandako 1.000€ko saria eta Elkar opari txartela (100€) eta liburu sorta jaso ditu.
Testu guzti hauek kaixomaitia.eus webgunean irakur daitezke. Gainerako lanak urtean zehar argitaratuko dira webgunean bertan, hauetako batzuk podcast formatuan.