Arte eszenikoen bidez Arabako haurren osasun emozionalean lagundu nahi du programak.
Teatro Paraisok eta Arabako Aldundiak arte eszenikoak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengana hurbilduko dituzte, Antzerkia eskolara programaren bidez. “Aurreko edizioan entzumenean jarri genuen arreta, 2021ean, berriz, ikusle aktiboen begiradari buruzko lan bat ere egingo dugu; haurren jakin-min artistikoa aktibatzen jarraitu nahi dugu”, adierazi du Pilar Lopez Teatro Paraiso konpainiako zuzendariak.
Ekimena martxoaren erdialdetik maiatzera arte izango da, eta Arabako hogei ikastetxe baino gehiagotara iritsiko da.
Teatro Paraisok pandemiaren hasieran egindako edizioa osatu nahi izan du, osasun egoerak ezarritako edukiera mugaren ondorioz proiektuan parte hartzerik izan ez zuten haurrei arte eszenikoak hurbilduz. Horretarako bi ikuskizun taularatuko ditu: Ikusle Txikiak programaren barruan Nomadak, eta Ikusle Sortzaileak programaren barruan Lunaticus Circus.
Hala, 36. edizio honetan, Arabako 12 ikastetxetako Haur Hezkuntzako ikasleek Saka eta Tamani Nomadak saioko protagonistekin egoteko aukera izango dute jolasaren, manipulazioaren eta esperimentazioaren bidez. Ikuskizun honetarako, hamahiru emanaldi daude programatuta, eta Arabako zortzi udalerritako ikastetxeetan eskainiko dira, martxoaren erdialdetik apirilera arte.
Lunaticus Circus ikuskizunari dagokionez, hamazortzi emanaldi programatu dira hamasei udalerritan banaturiko Arabako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. “Ikuskizun honek aukera ematen digu Araban dauden azpiegiturak erabiltzeko, erabilera anitzeko edo kaleko bertsioa baitu, eta espazio ez-eszenikoetan gara daiteke. Gogora dezagun, gaur egungo egoeran, ezin ditugula haurrak beste herri batera eraman. Beraz, geu joango gara bertara”, azaldu du Lopezek.
Aurreko edizioetan bezala, irakasle klaustroekin batera egindako ekintza paraleloekin jarraituko da, eta ohiko tailerrak eta bilerak egungo egoerara egokituko dira.