[BIDEOA] Euskal balioen inguruan hausnartzeko liburua aurkeztu du Ana Urkizak

Idazleak hamasei aditu elkarrizketatu ditu Garen hori liburua osatzeko.

Ana Urkiza (Ondarroa, 1969) idazleak Garen hori (Elkar) izeneko elkarrizketa-liburua aurkeztu du gaur, Donostian. Euskal balioen inguruan hausnartzeko lana da eta hainbat kulturgile eta komunikazio-aditu elkarrizketatuz osatu du: “Zein dira euskal balioak, halakorik baldin badago? Zerk egiten gaitu Gu, eta nola uztartzen da izate kolektibo hori gutako bakoitzarekin? Ba al dugu euskal nortasunik eta nortasun horri dagokion markarik, irudirik? Eta zein leku du horretan kulturak? Zein da sortzaileen eta komunikatzaileen eragina nortasun horren eraikuntzan?”, galdera horien eta antzekoen inguruan dantzan jarri ditu Urkizak sortzaileak, nor bere alorretik eta esperientziatik berbetan: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.

Elkarrizketa horiek osatzen dute liburuaren zati nagusia, eta horiei gehitzen zaizkie lehen lerroko komunikatzaileak diren beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarda (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa).

Elkar argitaletxeak adierazi duenez, “denen artean mosaiko zabal eta ñabar bat eraiki dute, gure herriaren isla izan litekeena, tradizioaren eta etorkizunaren artean”.

Urkizak nabarmendu du liburua ez dela hemen bukatzen, “ez da hemen hiltzen, baizik aurrera egiteko aukera ematen du”.

Zabaldu: