Sorkuntza kolektiboa ardatz, Zazpi Bekatuen kontzeptu orokorrean oinarritzen da obra.
“Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina da?…” Galdera horiei guztiei erantzuteko, zazpi pekatu kapitalak eta orokorrean pekatuaren ideia hartu eta, Victor Frankensteinek egin zuen moduan, gizaki berri bati bizia emango dio Atx teatroak 7ak bat ikuskizun berrian: “groteskoa, basatia, gupidagabea…”, dela dio antzerki konpainiak. “Komeria, satira eta sarkasmoaren lengoaiarekin, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna, agerian geratuko da”.
Atx Teatroaren arabera, sorkuntza kreatibo oro erronka bat izan behar da, sortzaile batek zerbait desberdin egiteko beharrizana dauka, aurrerapauso bat beti. Konpainian testu bat dute abiapuntu beren antzerki obra guztietan. Oraingo honetan baina, ez dela horrelakorik egongo aurreratu dute. “Ideia eta kontzeptu batzuetatik abiatuko gara eta inprobisazioen bitartez garatuko dugu dramaturgia osoa. Metodologia hau ez da batere berria, baina guretzat horrela lan egiteko hauxe izango da lehenengo aldia”.
Eszenografiari dagokionez, Frankenstein pertsonaia aipatuta, sasoi isabelinora jo du taldeak. Steampunk estetikapean egongo den laborategia izango da aitzakia, beti ere, espazio eta momentu diferenteak sortzeko aukera ematen dizkieten elementuekin.
7ak bat antzerki obraren aurrestreinaldia hilaren 28an, igandea, izango da Donostiako Larratxo Kultur Etxean. Estreinaldia berriz, Azpeitian izango da azaroaren 2an.