Musikari eta kantariak ikastetxeetara hurbilduko dituen programa aurkeztu dute

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasleei zuzenduriko ekimenak kultura transmisioa du helburu: gazteen artean euskal kantagintza ezagutaraztea.

Gotzon Barandiaran ekimenaren koordinatzaileak, Mikel Inuntziaga Inun kantariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak Musikariak Ikastetxeetan programa aurkeztu dute gaur, Bilbon. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako DBH-ko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko programa honen bidez, musikariek saioak eskainiko dituzte ikastetxeetan, ikasleekin solasaldiak izan, euren sortze prozesuaz eta ibilbideaz jardun eta tartean, hainbat kantu eskaini, zuzen-zuzenean.

Martxoan hasi eta ekainera bitartean, 92 saio eskainiko dituzte musikariek ikastetxeetan: 13 saio Araban, 48 Bizkaian eta 31 Gipuzkoan. Hamaika estilotako 30 musikari arituko dira ikastetxez ikastetxe, ikasleei euren lana erakusten, euskal kantariak beti ere. Baina hori baino gehiago ere bada Musikariak Ikastetxeetan programa. “Helburua ez da soilik musikariek eskola edo institutuetan kantu-saio batzuk eskaintzea, programa honek formazio eta transmisio programa bat ere izan nahi du”, azaldu dute. Musikariek euren esperientzia eta lana aurkeztuko diete ikasleei, baina testuinguru baten barruan. Euskal kantagintzaren baitan kokatuko du bere esperientzia musikariak. Era honetan, ikasleek adibide partikular bat ezagutzeaz gain, ezagutza global bat ere jasoko dute azken hamarkadetako euskal kantagintzaz. “Ikasleak musika kulturarekiko esperientzia eta ezagutza jasoko du, modu atsegin batean”, azaldu dute.

Musikariak 90 minutu ingurukoko saioan, bere sormen prozesua azalduko die ikasleei. Lehen hitza edo lehen akordea sortzen duenetik, zuzenean edo disko batean plazaratu arte dagoen sormen prozesu osoa: “hitzetatik hasten bada sortzen, zeri idazten dion, zer esateko, zein neurritan, zein egitura darabilen, nola gehitzen dion musika, zein instrumenturekin… Eta noski, hitzezko azalpenen artean, musikariak bere kantak joko dizkie zuzenean, ikastetxean bertan”.

Lanketa aldez aurretik

Aurretik gaiaren inguruko lanketa bat egingo da eskoletan, saioan parte hartuko duten ikasleekin. Ikasleek entzun eta ikusiko dutenaren gainean ezagutza oinarrizko bat izan dezaten, irakasle eta eskolen eskura jarriko dira hainbat material eta elementu, klaseetan aurretik lanketa egin ahal izan dadin. Aurretiko lanketa horretan ezagutuko diren gaiak: euskal kantagintza berriaren sorrera, euskal rock-a, folkaren loraldia, Euskal Rock Erradikala deiturikoaren eztanda, trikitiaren baserritik kalerako jauzia, 90eko hamarkadako oparotasuna, edo XXI. mendeko kantagintza, besteak beste.

Honako hauek dira Musikariak Ikastetxeetan programan arituko diren 30 musikariak:

  • Aguxtin Alkhat
  • Aneguria
  • Birkite Alonso, Birkit
  • Elena Caballero, La Basu
  • Eñaut Elorrieta
  • Erik Berganza, Abereh
  • Estitxu Pinatxo
  • Iban Urizar, Amorante
  • Iker Lauroba
  • Ines Osinaga
  • Jon Basaguren
  • Jon Gurrutxaga
  • Joseba Irazoki
  • Jurgi Ekiza
  • Keu Agirretxea
  • Maite Larburu
  • Maria Rivero
  • Mikel Inuntziaga, Inun
  • Mikel Markez
  • Mikel Urdangarin
  • Miren Narbaiza
  • Olatz Salvador
  • Pantxix Bidart
  • Paxkal Irigoyen
  • Rafa Rueda
  • Thierry Biscary
  • Tristtan Mourguy
  • Unai Unda, Xatiro
  • Xabi San Sebastian

Zuriñe Hidalgo

Zabaldu: