‘ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak’ argitalpenaren lehen alea kalean da

Online argitalpen hau urtean bitan plazaratuko da, eta kultura zinematografikoak beste diziplina zientifiko eta humanistiko batzuekin dituen loturak aztertuko ditu, euskal zinemari arreta berezia eskainiz.

ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak Elias Querejeta Zine Eskolak, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak plazaratutako argitalpen akademikoa da. “Argitalpen honen helburua ikerketa originalak argitaratzea da, ikasketa zinematografikoen arloan ezagutza espezializatua lortzen laguntzeko, diziplina arteko ikuspegi batetik”, azaldu dute.

Harkaitz Millan Gipuzkoako Aldundiko kultura diputatuaren arabera, “euskal zinemaren azterketan arreta jartzea eta bertako ikertzaileek egindako lanaren zabalkundea sustatzea garrantzitsua da”. Filmategiarentzat, bestalde, “koherentea da argitalpen honen garapenean parte hartzea, euskal ikus-entzunezkoen ondarea ikertzeko eta babesteko bokazioa baitu”. Tabakaleran dagoenetik erakundeak egiten dituen jardueren zati handi baten dibulgazio izaeraren osagarri dira bi lan ildo eta helburu horiek. Bestalde, Donostiako Zinemaldiak argitalpenean parte hartzea urte osoko jaialdi gisa duen konfigurazioaren parte da, bere burua pentsatzen duen eta zinemarekin zerikusia duten gaiei buruzko azterketa eta ikerketa sustatu nahi duen lehiaketa gisa.

Alorrerako garrantzitsuak diren ekarpen mota guztiak onartzen dituen arren, ZINE-ren helburu nagusia da “euskal zinemaren eta ikus-entzunezkoen ondareari eta kulturari buruzko begirada berriak proposatzen dituzten lanak babestea eta argitaratzea, dela kontakizun kanonikoetatik kanpo geratu diren ikerketa kasuak aztertuz eta horiei balioa emanez, dela figura finkatuen berrikuspen kritikoa eginez, dela tokiko tradizio akademikoan horrenbeste garatu ez diren diziplina arteko metodologia berritzaileak praktikan jarriz”. Beraz, ZINE berrikuntza espazio gisa planteatzen da, eta euskal zinemari buruzko ikasketen mugak zabaltzea ez ezik, zinema ikasketenak ere zabaltzea proposatzen du Euskal Herritik.

ZINE-ren banaketa online egingo da, oso-osorik. Argitalpena proiektuan parte hartzen duten hiru erakundeen webguneetan egongo da eskuragarri, nahi duen orok euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez edo frantsesez deskargatzeko.

Lehenengo alea, euskal zinemari eskainita

ZINE-ren ale bakoitzak bi atal nagusi izango ditu: batetik, adituek egindako ikerketa monografiko bat; eta, bestetik, Elias Querejeta Zine Eskolaren Ikerketa Sailak bultzatutako ikerketa proiektuei eta ekintzei lotutako materialak, ikerketa akademikoaren eta sorkuntzaren arteko formatu hibridoak aztertzen dituen atal batean. Horregatik, ZINE nazioarteko komunitate akademikoaren eta EQZEn garatutako ikerketa ekimenen arteko topagunea ere bada.

Bildumaren lehen ale honetan, Elixabete Ansa Txileko Unibertsitate Katoliko Pontifikaleko Estetika Institutuko Ikasketa Gaietarako zuzendari eta irakasle elkartuak zinemaren eta fabrikaren arteko harremanaren azterketa bat proposatzen du, euskal zinema ikuspegi “eraikitzaile” batetik irakurtzeko proposamen baten bidez. Ansaren artikuluaren abiapuntua Nestor Basterretxearen Operacion H (1963) filma eta euskal zinean komunitateak izan dituen formak problematizatzeko beharra dira.

Bestalde, eta EQZEren Zinemaren artisauak: euskal zinema amateurraren inguruko ikerketa proiektuaren osagarri, Maria Jesus Tatus Fombellida zinemagile amateurrak 1975etik 1985era bitartean filmatutako Gure Herria dokumental sortari buruzko dosierra jaso da argitalpenean. Dosierrarekin batera, Fombellidaren Gure Herria dokumental sortako bederatzi filmen bertsio digital berriak argitaratu dira EQZEren webgunean.

Zabaldu: