(argazkia: Artium Museoa)

Gerardo Armesto. Ikuspuntu geldiezina erakusketa ikusgai Gasteizko Artium Museoan

Euskarri analogikotik sorkuntza digitalerako igaroaldian animazio-irudiaren erabileran eredugarriak diren ikus-entzunezko zortzi pieza daude ikusgai museoan. 

Gerardo Armestok (Gasteiz, 1949) 80ko hamarkadan egindako zortzi bideo-lanetan oinarritzen da Gasteizko Museoan ikusgai dagoen Ikuspuntu geldiezina erakusketa. Lan horiek erreferentziazkoak dira animazioaren esparruan, analogikoaren eta digitalaren arteko bidean. Erakusketa testuinguruan kokatzen duten marrazki, maketa eta eskulturekin osatu da, eta azterketa-kasu gisa, bildumaren Zeru bat, hamaika bide erakusketaren parte da. Artiumek argitalpen bat plazaratu du, gainera, Francisco Ruiz de Infanteren testu batekin.

Hala, artista gasteiztarrak 1981 eta 1990 urteen artean bideoz sortutako lanak bildu ditu erakusketa honetarako. Pieza horiekin batera, marrazki-koaderno batzuek, maketek eta objektu eskultorikoek koherentziaz lotzen dituzte artistaren ekoizpena eta haren pertzepzioari buruzko garapen teorikoak eta analisiak. Erakusketa Bildumaren Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 artean izeneko proiektuko beste azterketa-kasu bat da.

80ko hamarkadan eta 90eko hamarkadaren hasieran, Armestoren lana ikus-entzunezko prozesuen azterketan oinarritzen zen. Pertzepzioaren analisia eta kokapenaren, kolorearen, argien eta bolumenen arteko harremana espazioan, irakaskuntzari aplikatua, izan ziren eragileak bere lanean mugimenduan dagoen irudiarekiko interesa pizteko. Francisco Ruiz de Infantek, hamarkada hartan lantegiko lankide izan zuenak adierazi duenez, “aitzindari izateak hutsegiteen eta denbora errealean izandako esperientziaren jolasa ahalbidetzen du. Koloreak, itzalak eta argiak bolumenak sortzen al dituzte? Bai! Kuboa ere adierazpenerako euskarria al da? Eta aurpegia? Jakina! Simulakroak azalera adierazkorrak dira beti argiari esker”.

Erakusketak euskarri analogikotik sorkuntza digitalerako igaroaldian animazio-irudia erabiltzen funtsezkoak diren ikus-entzunezko zortzi pieza, erreferentziazko lanak, aztertzen ditu. Horietan, berrikuntza teknikoarekin batera, ikuspuntuak, proiekzio geometrikoak eta euskarriak hartzen dute protagonismoa, eta haien izaera zehatz eta definituak eraikuntza finkatu eta irreal bat erakusten digute, aldi berean, mugimenduan dagoen ikuspuntu geldiezinak errealitatearen irudi desitxuratua, konplexua, itzultzen digu.

Gerardo Armesto. Ikuspuntu geldiezina erakusketa Artium Museoko A01 aretoan egongo da ikusgai ekainaren 20ra arte.

Zabaldu: