(argazkia: Kontseilua)

Hizkuntza Eskubideen gaineko proiektu pilotuak abian Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da.

Azken hilabeteetan egindako lanketa egikaritu da gaur goizean Hendaiako Herriko Etxeko Kontseiluaren Gelan: Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa oinarri izango duen hizkuntza-politikak definituko ditu proiektu pilotu gisa Hendaian, Arrigorriagan eta Uharten. Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta hiru udaletako ordezkariak bildu dira; hain zuzen, Kotte Ecenarro Hendaiako Auzapeza, Maite Ibarra Arrigorriagako Alkatea, eta Edorta Beltzunegi Uharteko Alkateordea.

Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da. 2016an aurkeztu zen Donostian, eta 120 gizarte eragileren sostengua jaso zuen, bai eta Frantziar estatuko hizkuntza-komunitateetako eragileena ere.

2019ko azaroan Gasteizen eta 2020ko otsailean Baionan, Protokoloa oinarri, tokiko administrazioei egokitutako dokumentu bana aurkeztu ziren. Dokumentu horietan herriko etxeek eta udalek hizkuntza-politika egokiak lantzeko neurriak jaso ziren. Hasieratik, proposamenak Euskal Herrian dagoen errealitate administratiboari egokitu nahi izan zitzaizkion. Hortik etorri ziren, beraz, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan, Hego Euskal Herrirako eta Ipar Euskal Herrirako egokitzapenak hurrenez hurren.

Proiektu pilotuak

Kontseiluak aurkeztutako bi proposamen horien baliagarritasuna egiaztatzeko asmoz hiru herritan proiektu pilotuak jarri ditu martxan:  Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Horrela, errealitate administratibo desberdinetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste udal edo herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak ateratzea da asmoa. Aldi berean, proiektu pilotua jorratuko den hiru herrietan hizkuntza-politikak definitzeko tresna izango dute eskuragarri.

Bilbaok azaldu duenez, “proiektu zinez berritzailea da, oinarri bera erreferentzia gisa harturik, euskal lurralde osorako baliagarria izango den hizkuntza-politikarako ildo nagusiak definituko ditugu”.

Proiektua bi fasetan egingo da. Lehen fase batean Udal eta Herriko Etxeetarako Garapena oinarri harturik, diagnostiko bat osatuko da. Bertan herriko hautetsiek, teknikariek, bai eta herriko euskalgintzako eragileek ere, parte hartuko dute. Bigarren fasean, aipatu dokumentua oinarri hartuta, hizkuntza-politikarako lerro nagusiak definitzen ahalko dira. Bukatzeko, herriko etxe eta udaletako hautetsiek hizkuntza-politika zehazteko eta aitzina eramateko bidea prest izango dute.

Zabaldu: