Ohikoa den moduan, antzerkizaleek hiruna pieza ikusteko aukera izango dute ostegunero, lau astez iraungo duen jaialdian. Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, antzerkilariei plaza berriak eskainiz.
Euskaltzaindiaren mendeurrenaren baitan abiatu zen proiektuak abiadura eta pisua hartu du, denboraren poderioz. Aurten, hirugarren edizioa beteko du Lautan Hiru antzerki jaialdiak, eta pandemiaren eraginez atzeratu bada ere, indartsu dator udaberri aldera. Honela, maiatzaren 6tik 27ra, ostegunero, antzerkiz blaituko da Bilboko Alde Zaharra.
Akademiak aurreratu duenez, formatu txikiko lanak erakutsiko dira jaialdian, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez, eta aurten eszenatoki bitan antzeztuko dira, 18:30etik aurrera: Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan eta Bira Kulturunean. “Espazio bietan zorrotz beteko dira indarrean dauden osasun neurriak”, nabarmendu dute.
Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta Bira Kulturarekin elkarlanean antolatu du egitaraua, berriro ere. Andres Urrutia euskaltzainburuak “garai nahasi eta zail hauetan” elkarlanean aritzeak duen garrantzia azpimarratu du: “Pandemiak uzkurtu egin gaituela dirudi; horregatik, gogotsu jokatu behar dugu, indarrak bildu eta ilusioari heldu. Nola? Besteak beste, era honetako proiektuak aitzinatuz”.
Jaialdiaren helburu nagusiak ez direla aldatu ere zehaztu dute aurkezpenean: “euskarazko antzerkia hauspotu nahi da, lanen hizkuntza euskara izango da; sortzaileei beraien lanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduz”.
Antzerki-ekoizpenari laguntza
Iaz, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hau Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. Artekartuko kideek maiatzaren 20an taularatuko dute pieza berria, Biran.
Antzerkizaleek hiruna pieza ikusteko aukera izango dute maiatzeko ostegunetan. Maiatzaren 6an eta 13an, Euskaltzaindian antzeztuko dira pieza guztiak, eta 9 euroko sarrera bakarra erosi beharko dute antzerkizaleek. Maiatzaren 20an eta 27an, aldiz, sarrera bakarra erosi ahalko da emanaldi bakoitzeko (3 euro). Sarrera guztiak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon salduko dira, astelehenetik hasita eta agortu arte.
Bestalde, zaleen artean ‘opariak’ zozkatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.
EGITARAUA
MAIATZAK 6
18:30 – Euskaltzaindian: 35 HUTS (40’) / Esti Curiel
19:30 – Euskaltzaindian: ZOM2 (20’) / Anodino Teatroa
20:00 – Euskaltzaindian: Txilin Hotsak (20’) / Tranpola Taldea
MAIATZAK 13
18:30 – Euskaltzaindian: Elkar ezagutu genuen… (25’) / Piszifaktoria Laborategia
19:00 – Euskaltzaindian: Piarres Larzabal: Antzerki laburrak (15´) / Mikel Martinez
20:00 – Euskaltzaindian: AHOY! (20’) / Kokreta Teatroa
MAIATZAK 20
18:30 – Biran: Hauts artean (30’) / Artekartu konpainia
19:15 – Euskaltzaindian: Satiro (40’) / Xanti Agirrezabala
20:00 – Euskaltzaindian: Tor magoa (30’)
MAIATZAK 27
18:30 – Biran: Cafe Bar Bilbao saria: Kill, Kerra eta Karma (25’) / Asier Hernandez-Dorleta Urretabizkaia-Mikel Martinez
19:15 – Euskaltzaindian: TerminAITOR (20’) / Infamia Teatroa
20:00 – Euskaltzaindian: Dorleta Kortazar ipuin-kontalaria (30’) + bertso musikatuak (Oihana Bartra)