(argazkia: San Telmo Museoa)

Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta Mari Paz Jimenez-en obrak San Telmoko euskal artearen aretoan ikusgai

Donostiako Museoko arduradunek aldaketak egin dituzte Arte Ederretako euskal artearen aretoan, erakusketa iraunkorra bizia izateko eta aberasteko asmoz.

Gaur taldearen lanak biltzen dituen espazioan egin dituzte aldaketa hauek nagusiki, eta horrela, orain, Oteizaren lanak erakusten diren espazioan, Pietatearentzako estudioa izeneko pieza jarri dute ikusgai. “Pieza hau oso esanguratsua da, Arantzazuko Pietaterako eginiko estudioa baita. Zenbakitu gabeko hiru aleren bigarren edizioa da, bi material desberdinetan galdatua. 1992-1996 urteetan egin zen, 1969ko FMJO CR 00053 igeltsutik abiatuta”. Obra hau gordailuan jaso dute.

Espazio honetan bertan, Nestor Basterretxearen zazpi margolan jarri dituzte ikusgai, “guztiak ere oso azpimarragarriak” direla diote. Izan ere, horietako bat gutxienez Gaur taldearen inaugurazio erakusketan, Barandiaran galerian, egon zen. “Lan multzo hau Basterretxea familiaren gordailua da, eta San Telmon dagoen artista honen eskulturari gehitu zaio, erakusketa iraunkorrean”. Ekainean, gainera, margo hauetako bati buruz, Izenbururik gabe (1966) lanari buruz, arituko da Peio Aguirre Superficies pictoricas en la obra de Nestor Basterretxea hitzaldian, Barne begiradak zikloan.

Gaur taldeari eskainitako espazioan egindako aldaketez gain, aipagarria da ere Mari Paz Jimenez artistaren Bi belaunaulkiak koadroa. Pieza hau San Telmok erositakoa da, eta “museoko gaur egungo lan-ildoetako batekin lotuta dago, hau da, emakume artisten lanak gure bildumetan eta erakusketa iraunkorrean sartzearekin, Baginen, bagara aldi baterako erakusketaren harira. Erakusketa hori azaroan zabalduko da.

Bihar bertan, gainera, maiatzak 5, Jimenezen Bi belaunaulki obraren inguruan arituko da Ane Lekuona Mariscal, Artearen Historian ikasketak egindakoa, hau ere Barne begiradak zikloaren egitarauaren barruan. Ikuspuntu feminista batetik Mari Paz Jimenez (1909-1975) margolariaren ibilbidea berrikusiko du hizlariak. Artistaren obrek oro har eta bere ekintzek barneratzen zuten transgresioan jarriko du arreta. Hitzaldia euskaraz izango da, 19:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da, webgunearen bitartez lekua aldez aurretik hartuta. Zuzenean ere jarraitu ahal izango da museoaren webgunean.

Zabaldu: