Reggae doinuetan oinarritutako lau kanta biltzen ditu lan berriak. Abestiekin kolektibotasuna bultzatu eta jendartearen eraldaketa sustatu nahi izan du abeslariak.
Gatom rap abeslari bermeotarra 2010. urtean murgildu zen musika munduan eta urte horretako amaieran bertan, bere lehenengo maketa aurkeztu zuen jada. Handik aurrera, hainbat lan argitaratu ditu euskaraz eta gaztelaniaz.
2015 eta 2016. urteetan, esaterako, Esnea hil gazta tiro pun eta Kostako Vibes izeneko diskoak argitaratu zituen. 2018ko hasieran, berriz, Kostako Vibes – Binomio izeneko lana plazaratu zuen, une horretara arte jorratutako estiloa guztiz aldatuz eta rap eta reggae doinuetan murgilduz.
Handik eta zortzi hilabetera, lau abestiz osatutako Bueltan gatoz disko laburra kaleratu zuen. Honetan ere rap eta reggae doinuak uztartu zituen Bermeoko abeslari gazteak.
2019ko urrian, Euskalskillz izeneko lana argitaratu zuen, euskaki + skills (habilezi) hitzekin osatutako hitz-jokoaz baliatu zen diskoa izendatzeko eta jamaikar soinuekin jolastuz, dancehall eta reggae erritmoak uztartu zituen.
Bermeoko rapero gaztea ez da geldirik egoten den horietakoa, iazko itxialdian Konfitamientue albuma ere kaleratu zuen.
Gaurkoan, berriz, Bass Country (Taupaka) izeneko disko laburra aurkeztu du rap abeslariak. Reggae doinuetan oinarrituta, kolektibotasunean oinarritutako ideiak bultzatzen ditu lan honetan, familia, musika, lagunak… oinarritzat hartuz eta jendartearen eraldaketa bultzatuz.