Itxiera ekitaldian omenaldia egingo zaie Ainhoa Santamaria aktoreari, Teatro Paraisori eta Mari Carmen Oraa irakasleari
Gaur abiatuko da Antzerkiaren Astea Gasteizko Marianista ikastetxean. Lehenengo lau egunetan antzerki musikala izango da nagusi eta itxiera ekitaldian Ainhoa Santamaria aktorea, Teatro Paraiso eta Mari Carmen Oraa irakaslea omenduko dira. Ikuskizunak 18:00etan hasiko dira, baina edukiera mugatuta egongo denez, emanaldiak zuzenean ere eskainiko dira webgunearen bidez.
Denetara zortzi musikal eskainiko dira bigarren edizio honetan, eta Marianistetako ikasleez gain, Gasteizko beste ikastetxe batzuetako ikasleek ere parte hartuko dute. Ikuskizunak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira. Hala,”30-40 minutuko bi musikalez gozatu ahal izango da arratsaldero”, adierazi dute antolatzaileek. Musikal hauetan gizartearen eta hezkuntzaren gaineko gaiak landuko dira: berdintasuna, ekologia eta abar.
Aurtengo Antzerkiaren Asteari amaiera emateko, itxiera ekitaldian hiru omenaldi berezi egingo dira: antzerkia, haurtzaroa eta hezkuntza artistikoa lantzen dituen Teatro Paraiso konpainiari; Ainhoa Santamaria ikastetxeko aktore eta ikasle ohiari, nazio-mailan egindako ibilbideagatik; eta Mari Carmen Oraa irakasleen antzezlanetan urteetan parte hartu zuen ikastetxeko irakasle erretiratuari. Ekitaldia maiatzaren 21ean, ostirala, izango da, 18:30etik 19:30era.
Aretoaren edukiera % 50era murriztu da, beraz, 150 bat lagunek aretoan bertan jarraitu ahal izango dute antzerkia, gainerako zaleek webgunearen bidez egin ahal izango dute. Aktoreentzat eta aretoan bertan dagoen publikoarentzat segurtasun-neurri guztiak hartuko dira.