(argazkia: navarra.es)

‘Oinak hodeietan’ programarako proposamen eszenikoak aurkezteko deialdia zabalik da

Proposamenak ekainaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Nafarroako arte eszenikoen sektore profesionala laguntzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak Oinak hodeietan programa aurkeztu dute. Azaldu dutenez, “lurraldean zehar kultur programazioa dibertsifikatzea eta antzerkirako, zirkurako, magiarako edo dantzarako espazio berriak aurkitzea du helburu ekimenak, eta, beraz, ikusleek esperientzia kultural eta artistikoaz gozatzeko beste modu bat proposatzea”.

Programa honek Nafarroako antzerki taldeen formatu txiki edo ertaineko ikuskizunak eramango ditu abuztuan espazio ez-konbentzionaletara, hala nola monasterioetara, aztarnategi arkeologikoetara, gazteluetara, basoetara eta ondare kultural eta natural handiko beste leku batzuetara; “horrela, bai tokia bai proposamen artistikoak elkar aberastuko dira, eta ikusleak bien edertasunaz gozatu ahal izango du esperientzia berean”, azaldu dute.

Egitaraua

Hizkuntza eszeniko ezberdinak dituzten proposamenak eta ikusle ezberdinei zuzendutako ikuskizunak jasoko ditu egitarauak. Aukeraketan ikuskizunen kalitatea eta espazioen egokitasuna kontuan hartuko dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta programazioan euskarazko proposamenen bat egotea ere ezinbestekotzat jo dute.

Nafarroako konpainia eszeniko profesionalek gaurtik aurrera izango dute proposamenak aurkezteko epea zabalik, egitarauaren aukeraketan kontuan har daitezen, eta epea ekainaren 7an amaituko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa honako esteka honen bidez kontsulta daitezke.

Zabaldu: