Lehen edizio honetan eskualdeko bi talde igoko dira oholtzara: The Kraven eta Orion Chi ld.
Abadiñok Koba Live metal eta rock jaialdiaren lehen edizioa hartuko du ekainaren 25ean, Abadiñoko Udalak eta Sugaar Musika Elkarteak antolatuta. Zazpi talde igoko dira oholtzara: Vita Imana, Elbereth, The Faithless, The Kraven, Orion Chi ld, Vhaldemar eta Unholy. Arratsalde osoan zehar Traña-Matienako eskoletako futbol zelaian joko dute eta sarrera librea izango da.
Mikel Garaizabal alkateak, Argi Abad Kultura zinegotziak eta Sergio Correa Sugaar Musika Elkarteko arduradunak aurkeztu dute jaialdia gaur goizean, Abadiñon bertan.
Lehen edizio honetan eskualdeko bi talde arituko dira: Groove metal/Metalcore estiloko The Kraven Durangoko taldea eta Orion Chi id. Lehena 2008an desegin zen, baina agertokietara itzuli dira eta jaialdian izango da berriro zuzenean ikusteko lehenengo aukera. Orion Chi ld taldeak, bere aldetik, Matienan egiten dituzte entseguak eta eskualdeko musikariek osatzen dute. Ibilbide luzeko banda da, eta kontzertu eta lehiaketa ugaritan hartu dute parte.
“Pandemiaren ondorioz, hainbat ekimen bertan behera utzi behar izan ziren, baina berriro ere ekiteko eta gure eskaintza kulturala dibertsifikatzeko eta gazteentzat erakargarriagoa egiteko aukera emango diguten gauza berrien aldeko apustua egiteko garaia da. Koba Live Kultur Zerbitzutik aspalditik lantzen ari garen oso proiektu pertsonala da, eta ikusi beharko dugu zer nolako harrera duen lehen edizio honek, baina jarraitzeko bokazioarekin iritsi da Abadiñora”, azaldu du Abadek.
Bestalde, Garaizabalek adierazi duenez, “Abadiñotik harago doan musika-ekitaldia da, eta kanpoko jendea erakarriko du. Hori ere positiboa da, ekitaldi estrategikoa da, eta baita ekitaldi kulturalen aldeko apustua ere, tokiko garapenaren eragile gisa”.
Correak azpimarratu duenez, “horrelako jaialdi bat beti da positiboa udalerri batentzat. Elkartea erakundeekin batera egiten ari den lanari eta publikoaren aldetik aurreikusten dugun eta ezinbestekoa den harrera onari esker, 2022an sortu den Koba Live finkatzea urtez urte hobetzea eta haztea aurreikusten dugu. Abadiño bultzatu gura dugu, musika estilo honen inguruko erreferente bihur dadin. Udalerriaren kokapen ona, garraio publikoko zerbitzuekin duen komunikazio ezin hobea eta bertako ostalaritza bikaina Koba Liveren helburuetarako osagai egokiak dira”.